Monumentuak
Muñatoizko gaztelua
Dorreak gaur egun duen itxuraren arabera eraikitzea Lope Garcia de Salazar jaunak agindu zuen XIII. mendearen lehen erdialdean, asaba batek XI. gizaldian eraikitako beste eraikin xumeago baten zimenduen gainean. Bizkaian jatorri-jatorrizko ezaugarriak artatzen den gaztelu bakarra da. Bi barruti eta dorre bat dauzka. Lau aldeko lehenengo barrutiak uhoitz bana du angelu bakoitzean eta hegoaldeko fatxadaren erdialdean gailentzen den dorrexka karratu bat. Lehen barruti honetarako sarbidea zubi altxagarridun atea zen, eraikinaren inguruko sohornaren gainean zegoena. Bigarren barrutia sinpleagoa zen eta almenak eta gezilehioak zituen. Erdiko dorrera sartzeko arku mako-zorrotz bat zeharkatu behar da, zeinen gainean baitaude familiarren hiru armarriak: Muñatoiz, Salazar eta Butroe, Erdiko dorrea, Omenaldiarena deritzona, 1949-1950.eko errestaurazio-aldian jarritako almenez inguratua dago. Ez dauka kainik edo lehen etxebizitzara igotzeko eskailerarik, non ate makozorrotza baitago. Dorrearen hormetan kisu-harrizko gezilehioak eta lehio bakun edo bikoitzak ikus daitezke. Muñatoizko gazteluak, jauregiak eta Muñatoizko San Martin baselizak osatzen duten arkitektura-multzoa monumentu historiko-artistiko izendatu zuten 1944ean.
El Pobaleko Dorretxea
Santelicestik Garaperako bidean dagoen desbideraketa batean kokaturik dago. Haren fatxada nagusian, hau da, ibaira jotzen duenean, puntuerdiko atea du: horren gainean lehio bat eta honen gainean Quadratarren leinuaren armarria. Atearen ondoan goiko solairurako eskailera hasten da. Eskailerak gorago jotzeak hari eraikuntza zaharreko arkuek eutsi beharra eragiten du. Dorre hau, dudarik gabe, izen bereko burdinoñaren defentsarako gotorleku, hots, dorretxetik hurbil zegoen olaren babestoki.
Santelicesko dorretxea
Bidearen eskuinaldera zertxobait desbideraturik kokatzen da, Santelices auzoan eta Garaperako bidean. Eraikinak, batez ere harlanduzkoa, etxea ziurrenik dorretxe izan zela adierazten du, nahiz eta egun moztua dagoen. Dorretxe horretatik fatxadako elementu batzuk artatzen dira oraindik ere: moztutako arkudun atea, Salazar familiaren amarria duena, eta haren gainean, erlaizdun lehioa borobilez apaindua. Fatxada horren erdialdean, zenbait gezilehio eta kain bat. Horrez gain badira, baita, lehio gotiko bat, murruarteka bat etab. Defentsarako hesiaren zati bat ere artatzen du.
Memereako dorretxea
Bidearen ezkerraldean dago, Memerea orubearen eta Santelices dorretxearen artean. Fatxada nagusia, harlanduzkoa, artatzen duen elementurik adierazgarrienetakoa da. Gezilehioren bat ere badauka, eta halaber, puntuzko apaingaiak dituzten lehioburuak eta hiru ate: bat dobera handiak dituen puntuerdiko atea da; horren eskuinaldean ate dindelatu bat, eta azkena, goiko extebizitzan, eskailera batez sarbidea duela.
Montañoren mendi-hegalea
La Arena hondartzatik gertu, Montañoren mendi-hegalean, ibar guztia ikusteko aukera ematen du. Oinplano karratua du eta beheratuta dago; bi isurialdeko teilatua du. Itsasadarraren bokalearen aldean dagoen fatxadan, leiho bat eta arku zorrotz bat ditu. Mendira ematen duen aldean dagoen fatxadak hiru gezileiho, zenbait leiho eta ate bat ditu. Somorrostrora begira dagoen fatxadan, mandioak izango zuen mailan, ate zorrotz handi bat, zenbait gezileiho eta pilastra atxiki bat ditu.


