Muskiz
Muskiz udalerriak 21,50 km2 ditu. Somorrostro ibarrean dago, Bizkaiko Lurralde Historikoaren ipar-ekialdean. Iparraldean Kantauri itsasoa du; ekialdean, Abanto-Zierbena eta Zierbena; mendebaldean, Kantabria; eta hegoaldean, Galdames eta Sopuerta herriak (Enkarterri).
Bilbao eta Santander elkartzen dituen A8 autobidea herrira sartzeko sarrera nagusia da. Burgostik ere badago beste sarrera bat, Enkarterri zeharkatzen duten eskualde-errepideak eta bigarren mailako errepideak erabiliz.
Barbadun ibaiak inguratzen du, eta ibai horrek, itsasoratzean, Pobeña itsasadar eta padura osatzen du.
Biztanleria
Gaur egun gainbeheran ari den alde honetako mehaberastasunak betidanik biztanle kopuru nahikoa handia egotea eragin du, eta hau mantendu egin da urteetan zehar. Bilboko hiri-industria ingurunea mendebalderantz egin zuen zabalkundeak, udalerri honetan guztiz integratuz, biztanlegoaren hazkundea eragin zuen, baina azken urteetan hori ere gelditu da.
Klima eta ingurunea
Muskizek, Bizkaiko Lurralde Historikoko gainontzeko guneek bezala, klima mesotermikoa du, kantauriar isurialdean baitago; tenperatura epelak izaten dira, eta euri asko egiten du. Klima epel hezea da, urtaro lehorrik gabea; neguak epelak dira, udak ez dira oso beroak eta hezetasuna nahiko altua da. Muskizko klima kostaldeko klima leuna da; hodeitsu egoten da, eta, hori dela eta, landaretza berde eta urtsua dugu.
Klima horrek dituen ezaugarriak direla eta, baliabide turistiko natural erakargarrienetakoa da eskualde beroetatik gure kostaldera hurbiltzen direnentzat.
Orografia
Muskizen mendiak ez dira oso altuak eta Kantauri itsasoaren kostaldean daude; mendiaren eta hondartzaren arteko kontrastearen ondorioz, paisaia eder eta berezia dugu. Herriak kostaldeko kilometro gehiago ditu hondartzek baino; itsaslabar malkartsuek paisaia natural bitxiak sortzen dituzte, eta hori ikusteko Itsaslur parkea bisitatzea besterik ez dugu.
Gure mendien artean, Mello tontorrak, herriaren hegoaldean, du garaiera handiena (626 m). Beste mendi garrantzitsu batzuk honakoak ditugu: Corbera haitza (361 m), Carrascal tontorra (269 m), Ramos tontorra (229 m) eta Janeo (203 m).


