Dirulaguntzak

 
1. Xedea

Deialdi honen xedea da urtean zehar egiten diren kultura edo gazte jarduera jakinak edo urte osoko egitarauak garatzeak eta egiteak eragin ditzaketen gastuak arintzera zuzenduta dauden diru-laguntzak eskuratzeko eta emateko baldintzak arautzea. Diru-laguntza hauen xede dira aipatutako entitate horiek garatzen eta egiten dituzten ohiko jarduerak eta aparteko ekintzak.

2. Aurrekontua

Kultura Sailak 38.000 €-ko aurrekontua izango du; kopuru horretatik, 21.000 € diruz laguntzen diren entitateen urteko egitarauetara bideratuko dira; eta 17.000 €, proiektu eta jarduera jakinetarako. Tokiko Gobernu Batzordeak urteko programetarako diru-laguntzak ematea onartu eta gero, baldin eta arlo horretan saldorik geratuz gero, automatikoki jarduera jakinetara bideratutakoari gehituko zaio, izan ere, diru-laguntza horiek urte osoan zehar eman daitezke.

3. Onuradunak

Diru-laguntza hauek jaso ditzakete Muskizen kokatutako irabazi asmorik gabeko pertsona eta entitateek, baldin eta indarrean dagoen legeriaren arabera osatuta baldin badaude, dagokien erregistroetan izena emanda badute, eta muskiztarren intereskoak diren jai edo kultura jarduera edo egitarauak egiten badituzte. Salbuespen gisara, dagokion Sailak proposatuta hala erabakiz gero, Muskizetik kanpo kokatutako entitate eta pertsonek ere diru-laguntzak jaso ahalko dituzte, baldin eta bere jardueraren zati nabarmen bat udalerrian egiten bada edo udalerrirako bereziki interesgarritzat jotzen bada.

4. Diruz lagundu daitezkeen kontzeptuak eta bazterketak

Diruz lagundu daitezkeen kontzeptuak: eskatzaileak antolatutako jarduerek eragindako gastuak: materialak, hornikuntza eta kontratatutako zerbitzuak, aseguruak, publizitatea, bulegoa, botikina, lokal eta hornidura mantentzeak…

Bazterketak: Espresuki diru-laguntza deialdi honetatik kanpo daude honakoak:
a) Bere izaera edo xedeagatik deialdi honi esleitutako jarduera eremuekin harreman zuzenik ez duten eskabideak.
b) Diru-laguntza izenduna duten egitarauak eta Udal honetako beste laguntza batzuetan lotura egokiagoa edo zuzenagoa dutenak.
c) Behar bezala adierazita ez dauden jan-edanak, PFEZ atxikipenik, BEZik edo indarrean dagoen kontraturik (hala dagokionean) aurkezten ez duten hizlari, irakasle, laguntzaile eta gisa horretakoei egindako ordainketak.
d) Janari gastuak. Salbuespena: janarietako gastuak BAI onartuko dira jardueretako janari-guneen kasuan; menuen kasuan, jarduerak Muskizetik kanpora ateratzea edo Muskizetik kanpo egotea eskatzen duenean; eta sardina-janak, txokolate-janak edo gisa horretako herri ekitaldien kasuan.
e) Datu hauek argi adierazten ez dituzten fakturak: hornitzailea eta bere IFZ edo NAN, bezeroa (eskatzailea) eta bere IFZ edo NAN, kontzeptua, prezioa eta BEZa, hala behar denean.
f) Emakumeen aurkako indarkeria saihesteko daukan konpromisoaren barruan, Muskizko Udalak baztertu egingo ditu “sexuaren arabera pertsonak gehiagotzat edo gutxiagotzat edo objektu sexual huts modura aurkezten dituzten irudi eta eduki mediatikoak, bai eta indarkeria justifikatu, hutsaldu edo sustatzen dutenak, bereziki, emakumeen aurkako indarkeriaren kasuan.”

5. Eskabideak aurkeztea

Laguntza hauek eskuratu nahi dituzten entitateek eskabidea aurkeztu beharko dute, deialdi honi atxikitako ereduari jarraiki, bertan zehaztutako datu eta dokumentuak gaineratuta. Baldin eta aurkeztutako dokumentazioa osatu gabe badago edo oinarri hauek ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, eskatzaileak hamar egun izango ditu dokumentazioa osatzeko edo okerrak zuzentzeko. Epe horretan horrelakorik egiten ez badu, eskatzaileak laguntzari uko egiten diola ulertuko da. Nolanahi ere, egingo den jarduerari buruzko dokumentazioaz gain, beharrezkotzat jotzen duen informazio guztia eskatu ahalko die eskatzaileei Udalak, aurkeztutako jarduera baloratze aldera.

6. Epeak

a) Jardueren urteko egitaraua: martxoaren 18tik 29ra.
b) Jarduera jakinak: azaroaren 30era arte.

7. Ebaluatzeko eta emateko irizpideak

Urteko egitarauak: Deialdi honek urteko programetarako duen aurrekontua norgehiagoka araubidez banatuko da, hau da, onartutako eskabideen artean banatuko da, bakoitzak lortutako puntuekiko proportzionalki, muga hauekin:
Laguntza hauen zenbatekoa ezin da 3.700 € baino handiagoa izan; ezta aurkeztutako gastuen aurrekontuaren % 75 baino handiagoa. (Bi kasuetan salbuespenak egon daitezke. Horrelakoak banaka justifikatu behar ditu deialdia egiten duen Sailak).

Pertsona edo entitate eskatzaileek puntuazio bat gainditu beharko dute, gehienez, 100 punturaino, irizpide hauei jarraiki:

1. Aurkeztutako jarduera edo egitarauaren aurrekontu osoa 75 punturaino.
2. Interes bereziko ekitaldi edo programatzat hartzea, Muskizko Udaleko Kultura Sailak bereziki sustatu nahi dituen jarduera, talde edo proiektuak bultzatzeagatik; edo espresuki urte jakin honetan izango diren ekitaldiak: urteurrenak, biltzarrak edo gisa horretakoak 25 punturaino.

Jarduera jakinak: Kasu honetan ez dute eraginik izango arestian aipatutako ebaluazio irizpideek ezta mugek ere; izan ere, eskabideak banan-banan baloratuko dira, Kultura eta Kirol Sailaren arabera jarduera bakoitzak duen interesa kontuan hartuta.

8. Erabakiak jakinaraztea

Erabakia hartutakoan, dagokien Sailak eskatzaile guztiei idatziz jakinaraziko die; eta, ondoren, egokitutako diru kopuruak ordainduko dizkie.

9. Diru-laguntzen justifikazioa eta itzulketak

Diruz laguntzen den egitaraua egiten den hurrengo urteko urtarrilaren 31 baino lehenago justifikatu behar dira. Muskizko Udalak behar bezala justifikatu ez diren diru-kopuruak itzultzeko eskatuko die diru-laguntza jasotzen duten pertsona eta entitateei. Justifikazioa nahikoa ez bada edo zuzena ez bada, eta Udalari diru-laguntza osorik edo zati batean itzuli behar bazaio, Udalak hurrengo urteko diru-laguntza murriztu ahalko du (horrelakorik badago), zorra osorik edo zati batean kitatze aldera. Inola ere ez da diruz lagunduko lehenagoko justifikazioak egin gabe dituzten horiek. Diru-laguntza bat justifikatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa hauxe da:
 
1.- Aurkeztutako fakturen eta egiaztagirien zerrenda hurrenez hurren zenbakitua.
2.- Aipatutako gastuen fakturak.
3.- Diruz lagundutako jarduera edo programen deskripzio- eta balioespen-txostena.
4.- Kartel, eskuorri eta editatu den bestelako publizitate guztia. Publizitatean Udalak diruz laguntzen duela agertu behar da.

GARRANTZITSUA: faktura edo dokumentu egiaztagarrien laburpen zerrenda posta elektronikoz ere bidali behar da kultura@muskiz.com helbidera, Excel edo antzeko artxibo batean.