Dirulaguntzak

 

1. Xedea

Deialdi honen xedea da urtean egiten diren kultura edo gazte jarduera jakinak edo urteko egitarauak garatu eta egiteak eragindako gastuak arintzera zuzendutako diru-laguntzak eskuratzeko eta emateko baldintzak arautzea. Diru-laguntza hauen xede dira aipatutako entitateen ohiko jarduerak eta aparteko ekintzak.

2. Aurrekontua

Kultura Sailak 38.000 €-ko aurrekontua izango du; horietatik 21.000 € diruz lagundutako entitateen urteko egitarauak laguntzera bideratzen dira; eta 17.000 €, aparteko ekintzetara.

3. Onuradunak

Diru-laguntza hauek jaso ditzakete Muskizen kokatutako irabazi asmorik gabeko pertsona eta entitateak, baldin eta indarrean dagoen legeriaren arabera osatuta badaude, dagokien erregistroetan izena emanda badute, eta muskiztarrentzako interesekoak diren jai edo kultura jarduera edo egitarauak egiten badituzte.
Salbuespen gisa, dagokion Sailak proposatuta hala erabakiz gero, Muskizetik kanpo kokatutako entitate eta pertsonek ere diru-laguntzak jaso ahalko dituzte, baldin eta bere jardueraren zati nabarmen bat udalerrian egiten bada edo udalerrirako bereziki interesgarritzat jotzen bada.

4. Diruz lagundu daitezkeen kontzeptuak eta bazterketak

Diruz lagundu daitezkeen kontzeptuak: eskatzaileak antolatutako jarduerek eragindako gastuak: materialak, kontratatutako horniketa eta zerbitzuak, aseguruak, publizitatea, bulegoak, botikina, lokal eta horniketa mantenua …
Bazterketak: Espresuki diru-laguntza deialdi honetatik kanpo daude honakoak:
a) Bere izaera edo xedeagatik deialdi honi esleitutako jarduera eremuekin harreman zuzenik ez duten eskabideak.
b) Diru-laguntza izenduna duten egitarauak eta Udal honetako beste laguntza batzuetan lotura egokiagoa edo zuzenagoa dutenak.
c) Behar bezala adierazita ez dauden jan-edanak, PFEZ atxikipenik, BEZik edo indarrean dagoen kontraturik (hala dagokionean) aurkezten ez duten hizlari, irakasle, laguntzaile eta gisa horretakoei egindako ordainketak.
d) Janari gastuak. Salbuespena: janarietako gastuak BAI onartuko dira menu eta jardueretako janari guneen kasuan, jarduerak Muskizetik kanpo egotea eskatzen duenean; eta sardina-janak, txokolate-janak eta gisa horretako herri ekitaldien kasuan.
e) Datu hauek argi adierazten ez dituzten fakturak: hornitzailea eta bere IFZ edo NAN, bezeroa (eskatzailea) eta bere IFZ edo NAN, kontzeptua, prezioa eta BEZa, hala behar denean.

5. Eskabideak aurkeztea

Laguntza hauek jaso nahi dituzten entitateek eskabideak aurkeztu beharko dituzte, deialdi honi atxikitako ereduari jarraiki, bertan zehaztutako datu eta dokumentuak helarazita.

Baldin eta aurkeztutako dokumentazioa osatu gabe badago edo oinarri hauek ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, eskatzaileak hamar egun izango ditu dokumentazioa osatzeko edo okerrak zuzentzeko. Epe horretan horrelakorik egiten ez badu, eskatzaileak laguntzari uko egiten diola ulertuko da.

Nolanahi ere, egingo den jarduerari buruzko dokumentazioaz gain, beharrezkotzat jotzen duen informazio guztia eskatu ahalko die eskatzaileei Udalak, aurkeztutako jarduera baloratze aldera.

6. Epeak

a) Jardueren urteko programa: otsailaren 15etik martxoaren 4ra.
b) Jarduera jakinak: azaroaren 30era arte.

7. Ebaluatzeko eta emateko irizpideak

Urteko programak: Deialdi honek urteko programetarako duen aurrekontua norgehiagoka araubidez banatuko da, hau da, onartutako eskabideen artean banatuko da, bakoitzak lortutako puntuekiko proportzionalki, muga hauekin: laguntza baten zenbatekoa ezin da 3.000 € baino handiagoa izan; ezta aurkeztutako gastu aurrekontuaren % 75 baino handiagoa ere. (Bi kasuetan salbuespenak egon daitezke. Horrelakoak banaka justifikatu behar ditu deialdia egiten duen Sailak).
Pertsona edo entitate eskatzaileek puntuazio bat gainditu beharko dute, 100 punturaino, irizpide hauei jarraiki:
1. Aurkeztutako jarduera edo egitarauaren aurrekontu osoa. (60 punturaino)
2. Interes bereziko ekitaldi edo programatzat hartzea, Muskizko Udaleko Kultura Sailak bereziki sustatu nahi dituen jarduera, talde edo proiektuak bultzatzeagatik; edo espresuki urte jakin honetan izango diren ekitaldiak: urteurrenak, biltzarrak edo gisa horretakoak. (40 punturaino).

Jarduera jakinak: Kasu honetan ez dute eraginik izango arestian aipatutako ebaluazio irizpideek ez eta mugek ere; izan ere, eskabideak banan-banan baloratuko dira, Kultura eta Kirol Sailaren arabera jarduera bakoitzak duen interesa kontuan hartuta.

8. Erabakiak jakinaraztea

Erabakia hartutakoan, dagokion Sailak eskatzaile guztiei idatziz jakinaraziko die; eta, ondoren, egokitutako diru kopuruak ordainduko dizkie.

9. Diru-laguntzen justifikazioa eta itzulketak

Diruz lagundutako egitaraua egiten den hurrengo urteko urtarrilaren 31a baino lehenago justifikatu behar dira.
Muskizko Udalak behar bezala justifikatu ez diren diru-kopuruak itzultzeko eskatuko die diru laguntza jasotzen duten pertsona eta entitateei. Justifikazioa nahikoa ez bada  edo zuzena ez bada, eta Udalari diru-laguntza osorik edo zati batean itzuli behar bazaio, Udalak hurrengo urteko diru-laguntza murriztu ahalko du (horrelakorik badago), zorra osorik edo zati batean kitatze aldera. Inola ere ez dira diruz lagunduko lehenagoko justifikazioak egin gabe dituzten horiek.
Diru-laguntza bat justifikatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa hauxe da:
1.- Gastuen zerrenda laburtua, eskabidean aurkeztutako gidoiaren arabera sailkatuta
2.- Aipatutako gastuen fakturak
3.- Diruz lagundutako jarduera edo programen deskripzio- eta balioespen- txostena
4.- Kartel, eskuorri eta editatu den bestelako publizitate guztia. Publizitatean Udalak diruz laguntzen duela agertu behar da.