Areako hondartza

Area hondartzak eta inguruak Muskiz eta Zierbenako balio natural handienetako bat osatzen dute; eta, aldi berean, turismoaren, biologiaren eta paisaiaren aldetik interes handiko gune natural garrantzitsua da.

Muskizeko kostaldean itsasertzeko ekosistema sail osoa daukagu; bost kilometro eskaseko tartean, labarrak, artadiak, lezkadiak, belardiak, hareatzak, dunak eta padurak daude. Zonalde honetan giza jarduera bizia den arren, jatorrizko landarediaren arrastoak daude oraindik ere.

Area hondartzak balio botaniko handiko ingurua osatzen du. Oso ekosistema hauskorrak eta bakanak biltzen ditu: artadi kantauriarreko zonaldeak, labarrak eta, batik bat, hareatzak, dunak eta padurak. Ekosistema horiek gune babestu edo Garrantzi Komunitarioko Leku bezala sailkatu dira. Geure jardueraren menpe dago horien biziraupena.