Albisteak

 

Muskizen azoka ederra izango da hurrengo igandean, alegia, irailaren 18an, izan ere, bertan ospatuko baita XXXIV. Nekazaritza Azoka. Bizkaiko Nekazaritzako produktuen erakusketa, Bizkaiko Txakolinaren lehiaketa eta zaldiak izango dira, besteak beste, meatzaldeko herri honetako azokako interesguneetako batzuk. Azoka honekin batera, irailaren 18an bertan, Sustapen eta Aukeren Azoka antolatuko dute Muskizko saltokiek herriko pilotalekuan.

Hurrengo igandean, irailak 18, Muskizko San Juan plazan, Nekazaritza Azokaren hurrengo edizioa izango da. Baserrietako produktuak, bertako abereen erakusketa eta zaldi lehiaketa izango dira aurtengo XXXIV. edizio honetako osagaietako batzuk. Nolanahi ere den, Bizkaiko Txakolinaren Urrezko Domina izango da jai egun honetako ekitaldi garrantzitsuena.

Guztira, 80 baserritar baino gehiagok eman dute izena, eta ia-ia 150 animalia daude erregistratuta. Horiek horrela, Muskizko Nekazaritza Azokako bisitariek hainbat eta hainbat produktuz gozatu ahalko dute: frutak, barazkiak, eztia, hestebeteak, gozogintza, txakolina, kontserbak eta are nekazaritza makineria ere. Horretaz gain, zaldi eta behien arraza ugari eta ardiak eta ahuntzak ere ekarriko dituzte abeltzainek, ikusmira gehien dutenak asetzeko asmoz.

Gazta saltokiei dagokienez, berriz, Idiazabal izendapeneko 8 ordezkari izango dira eta beste barietate batzuetako beste 5 ordezkari. Eta horiekin batera, okintzako eta gozogintzako adituak ere bertaratuko dira Muskizera. Dena dela, Bizkaiko Txakolinaren Urrezko Domina eskuratzeko lehiatuko diren 10 txakolin upategiek bereganatuko dute arreta gehien Muskizko azoka honetan. Tartean, berrikuntza batzuk ere izango dira, adibidez, ardo zuri honetatik lortutako bermuta, artisau garagardoa, txokolatea, pasta…

Bertako erakusketa

Guztira, bertako 14 abeltzainek hartzen dute parte Muskizko Azokako edizio honetako bertako abereen erakusketan eta, denen artean, 90 ardi eta ahuntz eta 28 behi ekarriko dituzte. Zaldi lehiaketari dagokionez, berriz, arraza garbiak eta arraza gurutzatuak izango dira eta meatzaldeko negozioetan ezarritako 29 animaliari eman zaio izena. Sarietan 800 euro baino gehiago banatuko dituzte antolatzaileek lehiaketa honetan parte hartuko duten abeltzainen artean.

San Juan plaza izango da berriro ere Muskizko Azokako gunea, eta gorago aipatutako jarduerez gain, ahate talde batekin egindako artzain txakur erakusketa batez ere gozatu ahalko dute San Juan plazara bertaratzen diren guztiek. Azokako antolatzaileek jakitera eman dutenez, etxeko txikientzako poney ibilaldiak ere izango dira, eguerdiko 12:00etatik aurrera.

Bide batez, jai egun hau baliatuta, Muskizko saltokiek Sustapen eta Aukeren Azoka ospatuko dute Muskizko pilotalekuan.