Albisteak

 

Energytruck kamioi-museoa Muskizera heldu da, energiarekin, ingurumenarekin eta industria ondasunarekin lotutako ezagutza zientifikoa eta teknologikoa herritarrei hurbiltzeko. Erakusketa ibiltari honetako jarduera didaktikoetan, guztira, Cantarrana eta San Juan Bautista eskoletako 150 ikasle inguruk hartu dute parte. Jarduera horiek dohainik dira, adin tarte guztientzat dira eta ahalmen urritasuna dutenentzako egokituta daude.

Gas Natural Fenosa Fundazioko Gasaren Museoak sustatutako ekimen hau Muskizko Malekoian izan da, ostegunera arte, zehazki, 19:00ak arte. Horrela, hurbildu diren guztiei aldaketa historikoak eta gasak eta argindarrak ekarritako gizarte aurrerapenak ezagutarazi dizkiete, energia zer den eta arduraz nola kontsumitu ahal dugun azaldu diete, eta, batik bat, etorkizunari begira, iraunkorra izango den aurreikusten lagundu diete.

Hezitzaile espezializatuek bideratutako jarduera didaktiko eta pedagogikoen bidez, ezagutza zientifiko eta teknologikora hurbiltzeko doaneko aukera paregabe batez gozatu ahal izan dute Muskizko bi zentro horietako ikasleek. Energytruck ekimeneko sustatzaileen asmoa da erakusketa ibiltari honekin hezkuntzaren, ingurumenaren eta kulturaren garapenari laguntzea.

70 metro koadroko gunea duen kamioi batean, bisitariarengan oinarritutako ariketa praktikoen bitartez edukiak lantzeko erakusketa zeharo interaktiboa eskaintzen da. Horretaz gain, informazio taulek eta eskuz maneiatzeko ikus-entzunezko multimedia elementuek, era didaktikoan, aurrerapen teknologikoek gizartearen garapenari nola laguntzen dioten azaltzen dute.

Erakusketa honek, guztira, Espainiako 111 herri bisitatuko ditu 2016. urtean zehar. Motor dual batekin bidaiatzen du eta motor honi esker gasolio motor arrunt batek baino karbono dioxido gutxiago isurtzen du; zehazki, motor dual honen bidez, % 15 eta % 20 artean jaisten dira karbono dioxido isurketak.