Albisteak

 

“Laguntzeko gogoa” duten pertsonak bilatzeko kanpaina bat atera du Muskizko Udalak, hain justu ere, udalerriko Babes Zibileko taldea handitu ahal izateko. Ildo horretatik, Muskizko Udalak triptiko bana banatuko du udalerriko etxebizitzetan, Babes Zibileko boluntarioa izateko behar den profila eta aurrera eraman beharko liratekeen egitekoak azaltzeko. Nolanahi ere, entzuteko gai izatea eta ezagutzak partekatzeko prest dagoen pertsona bat izatea da ezinbestekoena.
Batik bat, prebentzioarekin eta koordinazioarekin lotuta daude Muskizko Babes Zibileko, eta beraz, boluntario izateko funtzioak. Hau da, hondamendi edo ezbehar publiko bat gerta ez dadin, eskura dauden baliabide guztiak koordinatzea eta kudeatzea da helburua, Udaleko ekitaldietan, metereologia baldintza kaskarrak dauden momentu horietan edo bestelako egoeretan. Hondamendirik gertatuz gero, baliabide eta bitarteko guztiak koordinatu behar dira, berau kontrolatu ahal izateko, betiere beharrezko neurriak planifikatuz, horrela, espero ez diren gertaera hauek ahalik eta kalte txikiena egiteko pertsona eta ondasunei.

Boluntario izateko eta babeserako talde honetako kide izateko baldintzak hauek dira: 16 eta 65 urte artean izatea, taldeak aurrera eramaten dituen zerbitzuekin lotutako zigor aurrekaririk ez izatea, epai irmoa dela bide jarduera publikorako ezgaitua ez izatea, egin beharreko lanak aurrera ateratzeko gogoa izatea eta elkarrizketa pertsonala eta doakoa den hasierako prestakuntza fasea gainditzea. 
Interesa duten pertsona horiek triptikoan agertzen den fitxa beharrezko datuekin bete eta Udaletxean utzi beharko dute, Muskizko Babes Zibilerako. Informazio gehiago jaso nahi izanez gero, 946706000 telefonora deitu ahal da edo babeszibila@muskiz.com helbidera idatzi.

Liburuxka ikusi (PDF 200KB)

 Kartela ikusi (PDF 156KB)