Albisteak

 

Zahartze aktiboa sustatzen duen ekimena aurkeztu du Muskizko Udalak, eta Muskizko bizilagunen bizi kalitatea hobetzea da egitasmo honen helburua nagusia

Gaur goizean, Muskizko Kultur Etxeko M Aretoan, jende aurrean aurkeztu da Muskiz pertsona nagusiekiko komunitate lagunkoia deituriko ekimena, eta aurkezpen honetan erakundeek eta herriko zenbait elkartek hartu dute parte. Zahartze aktiboa bultzatzea da proiektu honen jomuga nagusia, bizilagunen parte hartzea bultzatuz, osasun baldintzak hobetuz, eta herriko inguruetako segurtasuna handituz, horrela, herritarren bizi kalitatea handitu ahal izateko.

Muskizko Udaleko hainbat Sailetan lantzen ari da ekimen hau, besteak beste, Gizarte Ekintzan, Hirigintzan, Kulturan, Ogasunean eta Herritarrentzako Arretan, lagunkoitasuna herriaren ezaugarrietako bat bilaka dadin. Horretarako, hainbat lan-ildo aurreikusi dira, besteren artean, udal zerbitzu eta instalazioak berritzea, pertsona nagusiei euren komunikazioa eta jarduna errazteko; pertsona nagusien independentzia errazten duten gune egokituak sortzea; hazkuntza jasangarria planifikatzea; eta egunerokoan pertsona nagusien parte hartzea bermatzea. Finean, euren muga eta abantailekin, herriko bizitza planifikatzerakoan, pertsona nagusiak inplikatu ahal izatea da ekimen honen helburua.

Meatzaldeko udalerri hau gune lagunkoia izan dadin aurrera aterako den metodologiari helduta, Muskizko pertsona nagusientzako zerbitzuei dagokienez erreferentzia den Udaleko Eguneko Zentroak era progresiboan landuko du programa, horrela, Udaleko funtzionamenduan lan egiteko modu hau txertatu ahal izateko. Lehenengo fasean, GEROKON eta BIZIPOZ enpresen babesarekin, udalerriko lagunkoitasun mailaren diagnostikoa egingo da, bai eta planifikazioa ere, metodologia hau aurrerago gainerako Udal Sailetara zabaldu ahal izateko.

Bukatzeko, jarraipena, ebaluazioa, ekintza planaren betetze mailaren kontrola, eta etengabeko hobekuntzarako ekintzak egingo dira. Horretaz gain, pertsona nagusien, profesional teknikoen, ordezkari politikoen eta udalerriko bestelako eragileen protagonismoa bermatuko da.