Albisteak

 

Azkenengo plenoan, 2017-2018 legealdiari begira, Udal Korporazioaren Inbertsio Planari baietza eman dio Muskizko Udalak. Inbertsio Plan honen barruan dauden ekintza guztien aurrekontu osoa 3.582.107 eurokoa da, eta Muskizko Udal Kiroldegiko instalazioak handitzea, Enplegua Sustatzeko Plana, eta auzoak berriztatzea dira programa honen zutabe nagusiak, bai eta udal instalazio batzuk egokitzea ere, adibidez, udalerriko Ikastolan kirol zelai bat estaltzea.
Muskizko Udal Korporazioak Inbertsio Plana diseinatu du, eta horrela, udalerriko auzotarren beharrak asetzeko Muskizko bizilagunek helarazitako eskabideei erantzuteko aurrekontu partida bat izango da eskura. Azkenengo hauteskunde prozesuan, alderdi politiko desberdinen programak osatzerakoan jaso ahal izan diren herritarren proposamenak hartu dira kontuan.
Muskizko Udalean, orotara, 13 zinegotzi daude eta horietatik 10 zinegotzik eman diote aldeko botoa 3.582.107 euroko Inbertsio Plan honi, alegia, EAJ-PNVko, PSEko eta Muskiz Bai alderdiko ordezkariek eman diote baietza metzaldeko udalerri honetako alderdi desberdinetako sentsibilitate eta ekimenak bildu dituen inbertsio plan honi.
Inbertsio Plan honen partida ekonomiko nagusia Muskizko Udal Kiroldegiko instalazioak handitzera bideratuta dago. Hain justu ere, 1.483.232 euroko aurrekontua dago, udalerrian hiru padel pista estali egiteko, hiru tenis pistetan estalkiak instalatzeko, eta udarako kanpoaldeko igerilekuak eraikitzeko, igerilekuei dagozkien azpiegitura osagarriekin batera. Inbertsio Plan honetako beste zutabe garrantzitsuetako bat enplegua sustatzeko planari dagokio. Ildo horretatik, zehazki, 500.000 euroko aurrekontua bideratu da. Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioak gizarteratze enpresa bat sortzea proposatu du, Muskizko Pobeña auzoan, horrela, 25 muskiztar inguru lan merkatuan barneratu ahal izateko.
Nolanahi ere, Muskizko Udaleko plenoak onartutako Inbertsio Planak honakoetarako partida espezifikoak ere jaso ditu: kirol instalazioak hobetzeko lursailak eskuratzea, bide seinalizazioa eta hiriko ondasun eta higigarriak berreskuratu edo berriztatzea.

Inbertsioa auzoetan
 
Inbertsio Plan honen barruan pisu handikoa da landa bideak, auzoetarako sarbideak eta argiztatzea berritzeari dagokion partida ekonomikoa. 687.000 euro inguruko aurrekontu osoa erabiliz, Memerea, San Julian, Carrascal eta La Rigada auzoetan egingo diren lanak nabarmentzen dira. Euri urak bideratzea, bideak egokitzea, natura ingurua berreskuratzea eta berriro urbanizatzea izango da Muskizko auzo hauetan aurrera aterako diren lanen zatirik handiena.
Era berean, udal kiroldegira sartzeko tornuak egokituko dira, Donibane pilotalekuko instalazioak hobetuko dira eta Malecon futbol zelaiko ureztatzea berrituko da, azken urte hauetan ur isuri ugari izan baititu. Horiexek dira udal kirol instalazioak hobetzera bideratutako Muskizko Udaleko proiektu handiaren zutabe nagusiak, udal kiroldegia handitzeaz gain. Hari beretik, Muskizko Udaleko kirol instalazioak hobetzeko lanen barruan, kiroldegiko areto futboleko, eskubaloiko eta saskibaloiko kantxako kirol zoladura aldatuko da.
Hezkuntza Sailaren barruan dauden ekintzei helduta, Muskizko udalerrian dagoen ikastolako zelai batean estalkia instalatzea nabarmentzen da. Estalki horri esker, neguan ere babesean jolastu ahalko dute zentro horretako eskola umeek. Horretaz gain, Inbertsio Plan honen barruan, Muskizko udal  liburutegirako hainbat liburu eskuratzeko, El Crucero parkean komun autogarbigarri bat instalatzeko, bide publikoan bideo kamerak ipintzeko eta oinezkoentzako pasabideentzako ordenazio plan bat aurrera ateratzeko partida handitzea ere aurreikusi da.