Albisteak

 

Larunbatean, otsailak 10, Muskizko Inauteriak izango dira. Auzotar eta kuadrillen jaitsiera izango da; mozorro lehiaketa bat, zeinean, orotara, 1.530 euro emango baitiren sarietan; eta diskoteka bat, Meatzari plazan (euria eginez gero, udal pilotalekuan egingo da musika jaialdia). Muskizko Inauterietako jarduera guztiak meatzaldeko udalerri honetako Udalak antolatu ditu, Muskizko Emakumeen Elkartearekin elkarlanean.
Arratsaldeko 17:30ean hasiko dira aratusteetako ospakizunak, hain justu ere, elkarretaratzea izango da ordu horretan, tren geltoki ondoan. Muskizko geltokitik, mozorro jaitsiera abiatuko da eta sariketa hasiko da. Banakako mozorro sarietarako 230 euro bideratuko dira; eta 10 lagunetik gorako taldeentzat, guztira, 1.300 euro banatuko dira sarietan. 10 lagunetik gorako sariketan parte hartzeko, izena eman behar da.
Meatzari plazan ipiniko den diskotekan banatuko dira mozorro lehiaketako sariak. Larunbatean euria egiten badu, Muskizko Udal pilotalekuan izango da sari banaketa, diskotekarekin batera. Dantzaldia arratsaldeko 18:00etan hasiko da, aratusteetako jaitsiera bukatu eta gero.

Mozorro lehiaketan parte hartu nahi duten 10 pertsonatik gorako taldeek Gaztegunean eman beharko dute izena, otsailaren 6aren aurretik. Mozorro indibidualen lehiaketarako eta 10 pertsonara arteko talde gisa parte hartzen dutenek, berriz, ez dute aurretik izena eman beharrik. 10 lagunetik gorako taldeei helduta, kuadrilla bakoitzari zenbaki bat emango zaio, jaitsieran zenbaki hori ikusgai eraman beharko dute, eta antolatzaileek erabakitako hurrenkeran abiatuko dira geltokitik. Epaimahaia Muskizko Emakumeen Elkarteko kideek eta  antolatzaileek osatuko dute, eta mozorroaren originaltasuna baloratuko dute, bai eta taldeak ibilbidea zelan girotzen duen ere.

Antolatzaileek gogorarazi nahi dute jaitsieran tamaina handiko ibilgailurik erabili nahi izanez gero, kanpoaldean aparkatu beharko dituztela, betiere beste bizilagunei eta beste ibilgailuei trabarik egin gabe; horretaz gain, debekatuta dago jaitsieran animalia handiak erabiltzea (zaldiak eta abar).

Eguraldi kaskarra

Euria edo eguraldi txarra badago ere, mozorro jaitsiera ez da bertan behera geratuko. Eguraldi oso-oso kaskarra badago eta Udalak hala erabakitzen badu soilik geratuko da bertan behera mozorro jaitsiera. Jaitsiera bertan behera geratzen bada, izena eman dutenei telefonoz jakinaraziko zaie; eta auzotarrei megafoniaren bidez.

Argibide gehiago (PDF 1,69MB)