Albisteak

 

Muskizko Ikastolan dagoeneko badaukate euren kirol pista estalia. Horrela, bere ikasleek aisialdirako, jolaserako eta beste hamaika ekintzatarako eguraldi txarretik babestutako gune bat izateko Muskizko Ikastolak egindako eskaerei erantzuna eman die Muskizko Udalak.

Eskola orduetatik kanpo ere aisialdirako eremu gisara erabili ahalko da Muskizko Ikastolako kantxa berria, baina horretarako, obra hauen bukaerako ziurtagiria jaso arte itxaron beharko da. Udako hilabeteak igaro ondoren, kirol kluben jardueretarako eta mota bateko eta besteko aisialdi jardueretarako erabili ahalko da. 

Orotara, 1000 m2-ko azalera duen egitura eraiki da, 800 m2 erabilgarri daude, betiere zentroaren beraren itxurari jarraiki, esparrua zolatu, margotu eta bukatu da, saskibaloi saskiak, zutabeetako babesgarriak eta ateak instalatu dira. Luzeran, areto futboleko eta eskubaloiko arauzko kantxa bat margotu da.

Horretaz gain, zeharka, mini saskibaloirako eta mini eskubaloirako hiru kantxa ere margotu dira. Lan hauek guztiak Muskizko Ikastolarekin batera adostu dira, bai eta zentroko kirol gune berri hau erabiliko duten udalerriko hainbat kirol klubekin ere.