Albisteak

 

Muskizko Udaleko Gardentasunaren Ataria dagoeneko herritarren eskura dago zabaltzen.muskiz.org izeneko web helbidean. Herritarrek erraz ulertzeko moduko tresna berri honen asmoa da Estatuko Gardentasunari buruzko Legeak ezartzen duen horretatik urrunago ailegatzea, izan ere, Udaleko informazio aipagarria eta eduki berriak ere gaineratuko dira, betiere herritarrek erraz ulertzeko moduan.

Muskizko Udaleko Gardentasunaren Ataria eskuragarri  dute Muskiztar guztiek zabaltzen.muskiz.org web orrian sartuta edo Muskizko Udaleko web orrian horretarako egokitu den erlaitza erabilita. Informazio bide berri hau Udal Korporazioak bultzatutako “Udal Irekia” filosofiaren babesean eraiki da, eta, funtsean, herritarrei informazio aipagarria helaraztean datza, arreta berezia ipiniz ondorio ekonomikoak dauzkan informazioan, eta herritarrei galdera pertsonalizatuak egiteko aukera emanez.

Gardentasunari buruzko araudiak euren ekintza guztien berri ematera behartzen ditu erakundeak, bereziki diru publikoaren erabilerari dagokionez, horrela, iruzur kasuak edo kudeaketa txarrak saihestu ahal izateko; eta, horrekin batera, gobernu onerako oinarriak ezartzen ditu, administrazio eta herritarren artean harreman eta hurbiltasun handiagoa lortze aldera.

Muskiztar guztiak Muskizko Udaleko Gardentasunaren Atarira erraztasunez eta erosotasunez irits daitezen, edukiak hainbat ataletan sailkatu dira, esate baterako: ekonomiari, ondareari eta ondasunei buruzko informazioa; harremanak herritarrekin eta interes taldeekin; kontratazioa, hitzarmenak eta dirulaguntzak; hirigintza, obrak eta ingurumena; araudi propioa; planifikazioa eta ebaluazioa.
Horretaz gain, ekimen honen buru izateko ardura duen Gardentasun Batzordea sortu da. Ildo beretik, laguntza tekniko espezializatua ezinbestekoa izan da, informazioa eskaintzeaz gain, informazio hori herritarrek ulertzeko moduan helarazten duen Ataria sortu ahal izateko. Horri esker, Udaleko programa eta zerbitzuak kudeatzeko moduari buruzko ezagutza sakona izan dezakete herritarrek.

Aste honetan bertan, Muskizko Udalak argitaratutako eskuorri batzuk banatuko dira, muskiztar guztiek tresna berri hau eta tresna berri honek nola funtzionatzen duen ezagutzeko.

Eskuratzeko eskubidea

Nolanahi ere den, Gardentasunaren Atariko edukien artean ez dagoen informazioa eskuratu nahi duten pertsona guztiek informazio publikoa eskuratzeko eskubidea erabili ahalko dute; eta, horretarako, zabaltzen.muskiz.org web orria bera erabil dezakete, Udaletxera bertaratu edota posta arrunt ziurtatu bat bidali. Eskabideei erantzuteko epea hilabetekoa da, 30 egun gehiagotara arte luzagarria, eskatutakoa konplexua baldin bada.

Gardentasunarekin eta Gobernu Onarekin Muskizko Udal Korporazioak duen konpromisoa jasota dago Tokiko Agenda 21ean, jarduera lerro nagusien artean. Eta, hain zuzen ere, “Udal Irekia” deitzen dugun filosofia horri erantzuten diote, beste batzuen artean, Udalak abiarazi dituen honako ekimen hauek: LED informazio taulak, iradokizun postontziak, Udaleko webgune berria eta Udaleko sailek sare sozialetan duten agerpena. 

Era berean, jakin badakigu honelako ezaugarriak dauzkan tresna bat abiaraztea konplexua gerta daitekeela, eta, horren haritik, Gardentasunaren Atarian agertzen den informazioa hobetze aldera herritarrek egin nahi dituzten iradokizunak jasoko ditu Udal Korporazioak.