Albisteak

 
Muskizko Udalak, orotara, 60.000 euro inguru bideratu ditu, udal hiltegi zaharreko instalazioak berriztatu eta modernizatzen, udalerriko eraikin hau taberna-jatetxe gisa berriro ireki ahal izateko. Hiltegi zaharra berritzeko obra hauek bukatuta, eraikinaren alokairua lehiaketa publikora atera du Muskizko Udalak, bertako ekonomia eta udalerriko turismoa bultzatzeko.
Udalak eraikinaren erabilera aldatzea erabaki zuen, eta enplegu plan bati esker, erretegi bihurtu zuen. Duela hiru urtera arte edo, erretegi gisa egon zen irekita, harik eta orduko kontzesiodunek kontratua etetea erabaki zuten arte.
Jatetxearen kontzesio berri honetan, dagoeneko Udaleko beste lokal batzuk arautzen dituzten irizpideei jarraituko die Muskizko Udalak. Alokatzeko interesa duten horiek pleguan ezarritako beharrezko baldintzak bete beharko dituzte, besteak beste, kaudimen ekonomikoa eta profesionala. Eraikinak 185 metroko azalera du, hileko 1.200 eurokoa da gutxieneko errenta edo lizitazioko hileko kanona (zergak kanpo utzita), eta indarraldia 10 urtekoa da, luzagarria.
Lehiaketa honetarako proposamenak aurkezteko leku eta epeak direla eta, proposamenak eskuz aurkeztu ahal dira, Muskizko Udaletxeko Erregistroan, eta posta bidez ere aurkeztu ahal dira. Eskaintzak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa da, lizitazioaren iragarkia aldizkari ofizialean argitaratzen den azken egunetik hasita.
Eskaintzaileek hiltegi zaharreko instalazioak ezagutu ahal izateko, Muskizko Udalak bi bisita antolatuko ditu eraikinera joateko. Bisita hauetako data eta orduak behar besteko aurrerapenez argitaratuko dira Muskizko Udaleko webgunearen kontratatzailearen profila deritzon atalean.

Berriztatzea eta turismoa sustatzea

Hurrengo egunetan amaituko diren obren funtsa honakoa izan da: erakineko fatxada irazgaiztzea, komunak egokitzea, iturgintza eta elektrizitatea hobetzea eta aldapa bat egokituz irisgarritasuna bermatzea. Horretaz gain, erakinaren garbiketa orokorra ere egin da. Berriztatze honen bitartez, erakin hau jatetxe bihurtzeaz gain, bertako ekonomiari lagundu nahi dio Muskizko Udalak, bai eta meatzaldeko udalerri honetako turismoa bultzatu ere.