Albisteak

 

Muskizko Udalak, zehazki, Euskara, Gazteria eta Kultura Sailaren bidez, Gabonetako ekintza txikiak egokitu egin ditu, Covid-19aren eraginez. Mugez inguratutako urtea izan arren, Muskizko Udalak ahalegin guztiak egin ditu, Muskizko txikienek ilusioz, eta, batez ere, segurtasunez, aurten ere Gabonetan gozatu ahal izateko. Hori horrela, aurten ere Meatzari Aretoan lurreratuko dira Olentzero eta Mari Domingi eta Errege Magoak.

Olentzero eta Mari Domingiren kasuan, harrera bat izango da, eta umeak harrera horretara hurbildu ahalko dira, desioz betetako euren gutunak ematera (distantzia eta higiene neurri guztiak betez). Abenduaren 21etik 23ra, arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara; eta ostegunean, 24an, goizean, 11:00etatik 14:00etara.  Errege Magoen harrera, berriz, berdin egingo da, kasu honetan, igandean, urtarrilaren 3an; astelehenean, 4an, 17:00etatik 20:00etara; eta asteartean, 5ean, 11:00etatik 14:00etara.

Jarduerak

Harrera hauetaz gain, Gabonetako egitarau txiki bat ere prestatu du Udalak, eta bertan ekintza desberdinak bildu dira. Abenduaren 18an, Alex Txikonen “La montaña desnuda” dokumentalaz gozatu ahalko da, arratsaldeko 19:00etan, sarrera dohainik izango da. Gospel saioak maite dituztenentzat, berriz, larunbatean abenduaren 19an, SPRIT taldearen ekitaldi bat izango da, 10 euroren truke. Abenduaren 20an, etxeko txikienek “Olentzeroren zaku magikoa” haur antzezlanaz gozatu ahalko dute, eguerdiko 12:00etan, eta, kasu horretan, 3 euroan salduko dira sarrerak. Komeni da gogoraraztea jarduera hauetan guztietan mugatuta egongo dela aforoa.

Gaztegunea

Aurten, Gabonetarako ekintza desberdinak antolatu dituzte Gazteguneko arduradunek, besteak beste, 18an, ihes jolasa izango da; 23an, YouTube tailerra. Abenduaren 29an, berriz, teknologia tailer bat eskainiko da; eta urtarrilaren 5ean, FIFA txapelketa. Horretaz gain, abenduan eta urtarrilean, ohi bezala, zinema eskainiko da Meatzari Aretoan.

Kartela (PDF 318KB)