Albisteak

 

Mendekotasuna duten pertsonen familiako zaintzaileek eskaintzen duten arreta eta zaintza bera hobetzeko estrategia, ezagutza eta gaitasunak eskuratzea da Muskizko Udaleko Zainduz programaren helburua. Zainduz programak hainbat zerbitzu eskaintzen ditu, horrela, mendekotasuna edo ahalmen urritasuna duten muskiztarren eta muskiztar horien familiako kideen bizitza kalitatea hobetu ahal izateko. Aurreko urtean, Muskizko Udalak 13.485 euro bideratu zituen, mendekotasun egoeran dauden horien familiako zaintzaileak laguntzeko, euren ezagutza eta gaitasunak hobetuz eta euren egunerokoa eta zaintza bera erraztuz.

Aurreko urtean, orotara, udalerriko 218 auzotarrek jaso zituzten zerbitzu hauek, 2015ean baino 46 lagun gehiagok, 40 gizonek eta 178 emakumek. Zainduz programaren eskaintzak hainbat lan-ildo dauzka eta memoriaren lanketa, jin sin eta yutsu tailerrak, erlaxazioa edo barreterapia, herritarren arreta, taldekako psikologia eta gisa horretako jarduera eta zerbitzuak eskaintzen ditu. Jarduera horiek 357 ordu bete dituzte eta berauetan parte hartu dutenek ondo baloratu dituzte, zehazki, 5 puntutik 4,7 puntu eman baitizkiete.

Horretaz gain, Muskizko Udaleko Zainduz programak beste bi proiektu pilotu ere landu ditu, betiere puntako teknologiak erabiliz. Lehenengo proiektuak, Reall Familia deitutakoak, alarma zerbitzu bat eskaintzen du eta bertan 4 adinekok eta familietako 6 kidek hartu zuten parte. Bigarrena, Oinez izenekoa, ibilaldien bitartez, adineko pertsonengan bizitza ohitura osasungarriak bultzatzeko atera zen aurrera. Parte hartu zutenen horien sakelakoetan App bat instalatu zen, egiten den jarduera fisikoaren jakitun egoteko. Oinez proiektuan 8 lagunek hartu zuten parte.

2017rako egitaraua

Aurtengo egitarauak memoriaren lanketa, barreterapia, egoera zailen kudeaketa, erlaxazioa, pertsona nagusien ariketa fisikoa eta gisa horretako hainbat tailer biltzen ditu. Horretaz gain, banakako eta taldekako laguntza psikologikoa ere eskaintzen da.