Albisteak

 
Auzotarrei musika ikastaroetarako sarbidea errazte aldera, iragan ikasturtean Abanto- Zierbenako Abanto Musika Eskolarekin sinatu zuen hitzarmena berretsi du Muskizko Udalak. Hori horrela, ikastaro hauetan parte hartzeko interesa duten muskiztar guzti-guztiek ondoko herrian erroldatutakoen prezio berean izango dituzte ikastaroak, eta Muskizko Udalak ordainduko du diferentzia.
Nolanahi ere den, Muskizko Udalak ez du 4.000 euro baino gehiago ordainduko; beraz, ordaindu beharreko zenbatekoa diru kopuru hori baino handiagoa izango balitz, Muskizko ikasleek ordainduko lukete diferentzia, betiere proportzionalki, ikasle bakoitzaren tarifa kontuan hartuta.
Parte hartu nahi duten auzotarrek Muskizko Udalera jo dezakete, eta bertan errolda ziurtagiri bat emango zaie. Izena ematerakoan, ziurtagiri hori aurkeztu beharko dute Abanto Musika Eskolan. Abanto-Zierbenako Abanto Musika Eskolan, besteak beste, 4 urtetik aurrerako eskola umeentzako programak dauzkate, eta helduentzako musika hizkuntzako ikastaroak, instrumentu ikastaroak eta talde instrumentaleko ikastaroak.