Albisteak

 

Udako hilabeteetan Muskizko Udal Pilotalekuko aldagelak berritzeari ekingo dio Muskizko Udalak. Muskizko azpiegitura honek kirol erabilera bakarrik ez, erabilera sozial eta kulturalak ere baditu Muskizko bizilagunentzat. Urteen joan-etorriek instalazioak kaltetu dituzte, eta gaur egun ez dituzte erabiltzaileen beharrak zeharo asetzen, hori dela eta, Muskizko Udaleko Gobernu Batzordeak instalazio hauek erabat berritu nahi ditu eta baldintza egokietan utzi, urtero-urtero bertan egiten diren jarduera horietan guztietan erabil daitezen.

Hori horrela izanik, dagoeneko 30 urte baino gehiago dituzten instalazioak berrituko dira. Obraren aurrekontu osoa 130.000 eurokoa da, BEZ barne, eta pilotalekuko obra honetan honako lan hauek aterako dira aurrera: aldagela eta komun publikoak moldatu, egokitu eta berritzea, eta mugikortasun murriztuko pertsonentzako komun egokitua eta irisgarria ipintzea. Erabiltzaileentzako armairu batzuk ere instalatuko dira aldageletan, eta garbiketako produktu eta tresnetarako biltegi txiki baterako kokaleku berria ere bilatuko da. Era berean, PVCzko arotzeria edo arotzeria metalikoa ipiniko da egurrezko arotzeriaren ordez. Horretaz gain, instalazio elektrikoa eta galdara ere berregituratuko dira.

Hirugarrenei trabarik ez eragiteko, obra hauek udako hilabeteetan hastea aurreikusi da, San Juan jaien ostean; izan ere, Udal Pilotalekua kirol eraikina da eta hainbat udal jarduera egiten dira bertan, esaterako, Barbadun Pelotazale Elkarteko asteroko entrenamenduak eta txapelketak, inauteriak, zakur erakusketak, azokak, Gabonetako Parkea, kirol jarduerak, herri martxak….

Argiztatzea hobetzea

Muskizko Udalak 3.200 euro bideratuko ditu, Muskizko Udal Pilotalekuko kantxako argiztatzea hobetzeko, horrela, gaur egun argi gutxiegi duten gune horietako argitasuna hobetu ahal izango da.