Albisteak

 
Muskizko Udalak 2019ko azaroaren 14an izandako Ohiko Osoko Bilkuran, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko azaroaren 25eko erakunde adierazpena onartu zuen, eta honakoa da adierazpen horren edukia:

AZAROAREN 25eko ERAKUNDE ADIEAZPENA

“EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA DESAGERRARAZTEKO NAZIOARTEKO EGUNA”

Azaroaren 25a, alegia, “Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Eguna" dela eta, Muskizko Udalak bere egiten du gure herria eta gure lurraldeak indarkeria matxistarik gabeko guneak izatea bermatzeko daukan erantzukizuna, eta horretaz gain, indarkeria honen adierazpen mota guztien eta egiturazko justifikazio guztien aurka borroka egitea lehentasunezko konpromiso politikoa dela berresten du.

Izan ere, berdintasun ezak eragiten du indarkeria matxista. Berdintasun ezak emakumeak gizonen menpe kokatzen ditu, eta bereizkeria horrek bizitzako alderdi guztiak kutsatzen ditu, bizitza publikoa eta bizitza pribatua. Hori horrela, beste batzuen artean, komunikabideak, publizitatea, telebista, hezkuntza eredua, alderdi guztietan emakumeek bidezko ordezkaritzarik ez izatea, emakumeek genero bereizkeriako rol eta estereotipoak elikatzea eta emakumeak menpeko bihurtzen dituzten jarrera, uste eta ohiturak, azken batean, gure gizarte eredu patriarkalaren parte dira, zeinak indarkeria matxistak erabiltzen baititu emakumeak genero patriarkalaren azpian ezar daitezen eta emakumeak menpean manten daitezen.

Beste urte batez, zenbakiek erakusten digutenez, indarkeria matxistak handitzen ari dira. Emakume askok egin behar diote aurre euren bikotekideen indarkeriari, bikote ohien indarkeriari, askok sexu erasoak pairatzen dituzte, emakume asko hiltzen dituzte, eta ezin dugu ahaztu emakumeen seme-alabak ere indarkeria matxistaren biktima zuzenak direla. Euskal Herrian, gaur arte, 4 emakume erail dituzte. Indarkeriaren adierazpenik bortitzena diren heinean, hilketek eragin eta erantzun handiagoa jasotzen dute gizartean. Hala ere, egunero-egunero indarkeria matxistaren adierazpen ugari pairatu behar izaten dituzte emakumeek, baina indarkeria mota hauek sotilagoak direnez ez dira zalantzan jartzen eta gizartean normalizatuta daude. Esate baterako, musikak, publizitateak edo komunikabideek transmititzen duten indarkeria sinbolikoa, femeninoa den orori alderdi orotan balioa kentzea, emakumeen bizitzak eta gorputzak kontrolatzeko nahia edo emakumeek lan baldintza kaskarragoak edo ordainsari baxuagoak izateak eragiten duen indarkeria ekonomikoa. Indarkeria hauek guztiek genero desberdintasuna iraunarazten dute, eta indarkeria hauek ikusaraztea gure ardura da, izan ere, indarkeria mota hauek egon ezean, ez lirateke beste indarkeria basatiago batzuk azaleratuko.

Aurten, leku guztietako emakumeak eta gure udalerrikoak “gelditu” egin dira, eurak barik “mundua gelditzen dela” erakusteko. Muskizko kaleak hartu dituzte, indarkeria matxistaz aski dela oihu egiteko, sistema judiziala patriarkala dela salatzeko, bizitako indarkeriaren kontakizuna zalantzan jartzeko eta salaketa zalantzan jartzeko, izan ere, salaketak errudun sentiarazten ditu eta erasotzaileak zuritu. Guztiz ezinbestekoa da mugimendu feministaren eta oro har emakumeen lana ezagutzera ematea, eta zehazki, gure udalerrikoa, gizarte demokratikoa eta indarkeria matxistarik gabea erdieste aldera. Hori horrela izanik, emakumeen elkarteetako ekarpenak eta parte hartzea behar beharrezkoa dira udal erakundean, eta euren ekimenak babestu egin behar ditugu.

Indarkeria matxista pairatzen duten biktimekiko arretari osotasunean eta zeharkakotasunez ekiten zaiola bermatu behar dugu, betiere ahalduntze prozesuak bultzatuz, eta emakumeak subjektu aktibotzat hartuz, emakumeei uneoro ahotsa, bizi duten lekukotzarekiko autoritatea eta indarkeriarekiko zilegitasuna eskainiz. Ezinbestekoa da norbanako eta taldekako konponketarako eskubidea kontuan hartzea, egiarekiko eskubidea izatea ez ezik, indarkeriak euren bizitzetan duen eragina gizartean aintzat hartzeko eskubidea izatea ere esan nahi duena. Hori guztia erakundeen obligazioa da, indarkeria adierazpen orotik libre bizitzeko emakumeen giza eskubideez ari baikara.

Guztion ardura da indarkeria matxistei aurre egitea, bakoitzak eragin dezakeen neurrian, gure erakunde eta entitateak aldatuz, indarkeria matxistaren normalizatzaile edo biderkatzaile diren neurrian, norbanako gisa daukagun erantzukizuna ahaztu barik. Ezinbestekoa da indarkeriari aurre egin behar dioten emakumeek eurekin gaudela, sinetsi egiten ditugula eta euren bizitza berreskuratu ahal izateko beharrezko guztia egingo dugula sentitzea.

Lekuan lekuko esparrua egokia da indarkeria matxisten aurka borroka egiteko estrategia desberdinak garatzeko, erakundearen esparruan, kirolean, aisialdian eta abarretan zuzenean eraginez, biztanleriaren sektore eta talde guztiekin batera, izan ere, guztion ardura eskatzen duen gizarte arazoa da indarkeria matxista.

Hori horrela izanik, Muskizko Udalak konpromiso hauek hartzen ditu:

-Esku-hartzeko plano guztiak indartzea: prebentzioa, hautematea, arreta, konponketa, babesa eta koordinazioa, bertako protokoloaren barruan.

-Beharrezko baliabide tekniko eta ekonomikoen bidez gure gizartean emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko bidean aurrera egiteko lan prozesuei laguntzea.

-Biztanleria eta batik bat emakumeak eskura dauden baliabideen berri izan dezaten baliabideak bideratzea, eta koordinazio, talde lan egokia eta indarkeria matxistaren aurka borroka egiteko zerbitzu sarea ezartzea sustatzea dagokion lurralde mailan (adingabeak eta biktimen seme-alabak barne).

-Ahalduntze programa egonkorrak egiten jarraitzea umeentzat, gazteentzat eta emakume nagusientzat, bikote harremanak, sexu-afektibitatea, maitasun erromantikoa, sexualitate askeak, autodefentsa feminista eta gisa horretako gaietan.

-Prestakuntza eta sentsibilizazio jarduerak egiten jarraitzea, nerabe eta gazteei begira, heziketa afektibo sexuala lantzeko, indarkeria matxisten adierazpen askotarikoak faltsutzeko, baiezko onarpena lantzeko, eta oro har, gure gizartean gizonen eta emakumeen arteko berdintasun harremanak lantzeko.

- Denbora tarte batez indarkeria matxista pairatu duten emakumeek konponketarako daukaten eskubidea lantzeko jarduerak aurrera eramatea, alderi desberdinak landuz, besteak beste, omenaldiak, zineforumak, jardunaldiak eta horrelakoak ikusarazteko jarduerak, indemnizazioak eta gizarte laguntzako ekintzak.

-Emakumeen mugimenduarekin eta mugimendu feministarekin aliantzak eraikitzea eta hautematea indarkeria matxistarik gabeko gizarte demokratikoa eraikitzeko.

- Azaroaren 25erako mugimendu feministak deitutako mobilizazioekin bat egitea, eta gizarte osoari parte hartzeko dei egitea.

Denen ezagupenerako argitaratzen da. Muskizen, 2019ko azaroaren 14an