Albisteak

 

Gure udalerrian jazo berri den biolentzia matxistako kasuaren aurrean, eraso matxista hori irmoki gaitzesten duela adierazten du Muskizko Udalak. Ez da inola ere kasu isolatu bat, izan ere, bortizkeria mota hau sistematikoki erabiltzen da emakumeen aurka, emakumeak izateagatik bakarrik. Indarkeria hau, hortaz, ez da egoeraren edo norbanakoen araberakoa; aitzitik, oinarri-oinarrizko izaera duen arazo bat da, gizon eta emakumeen arteko berdintasun ezak eragiten duen problema bat da, eta gizarte egitura osoa kutsatzen du. 

Indarkeria matxista, gainera, Giza Eskubideen aurkako erasotzat ere hartu behar da, eta emakumeen duintasunari eta segurtasun fisiko eta moralari eraso egiten dio.

Hori dela eta, ezinbestekoa da erakundeek esku hartzea, indarkeria mota honen aurrean berehala erantzutea ahalbidetzen duten neurriak hartuz.

Ildo honetatik, kasu honen berri izan eta informazioa eduki bezain laster, beharrezko udal baliabideak errazteko eta erantzun koordinatu eta oso bat eman ahal izateko ezinbesteko mekanismoak aktibatu ditu Muskizko Udalak.

Indarkeria matxista desagerrarazi ahal izateko bere konpromisoa berresten du Muskizko Udalak. Era berean, Muskizko Udalean ordezkatuta gauden alderdi guztiok Muskizko bizilagunei dei egiten diegu, bortizkeria matxista salatzeko udalerrian egingo diren ekitaldi guztiekin, eta, batik bat, arrazoi hau dela eta, Muskizko Emakumeen Elkarteak, hilero-hilero antolatzen dituen kontzentrazioekin bat egin dezaten.