Albisteak

 

Udalerriko ondasun kultural eta historikoa babesteko politikaren barruan, oroitzapenak bizirik mantentzeko eta bertako turismoa sustatzeko hainbat lan eta ekintza ateratzen ari da aurrera Muskizko Udala. Besteak beste, arropa garbitzeko garbitegi zaharrak berreskuratu dira honako auzo hauetan: El Hayan, Villanuevan, Pobeñan eta, azkena, San Julianen. Horretaz gain, hainbat ekintza egin dira Muñatones gazteluan eta El Pobaleko burdinolan, betiere ondasun eta natura aberastasun handia eta meatzaritzarekin lotutako historia oparoa daukan udalerriaren iragana hobeto ezagutzeko.

San Julian auzokoa da eraberritu den azken garbitegia, eta orotara, 45.000 euroko aurrekontua izan du. Muskizko Udalak gune publiko bat lehengoratu du, beste sasoi batean zuen funtzioa gogoratuz, besteak beste, emakumeen topagune gisara. San Julian auzoko garbitegiaren lehengoratzea bukatuta, Muskizko Udalak lanean jarraitzen du, udalerriko ondasun historikoa babesteko Pobeñako garbitegia berrituta abiarazitako politikaren ildo beretik.

Honako hauek izan dira San Julianeko garbitegia berreskuratzeko lanak: lurra egokitzea, harri hormak berreskuratzea eta hornikuntza eta argiztatze sare berria ipintzea, gune horren funtzionaltasuna berreskuratzeko. Era berean, orain dagoen bidea zabaldu du Muskizko Udalak, bertan dagoen malda ikusita eskudel bat ipini da, eta hiri altzariz hornitutako plaza bat ere egokitu da, auzotar eta bisitariek erabil dezaten.

Beste alde batetik, El Pobaleko burdinolarekin elkarlanean, hainbat jarduera eta bisita antolatu ditu Muskizko Udalak El Pobaleko burdinolan, eta Muñatones gazteluan ere bai, betiere bertako ondasun kulturala babesteko eta kontserbatzeko balioak bultzatzeko asmoz. Ildo beretik, 2017. urtean, orotara, 18.000 lagun inguru elkartu dira Muskizko kultur esparru hauetan.