Albisteak

 

Urtero bezalaxe, Gabonen atarian, udalerriko hezkuntza zentroko ikasleentzako Gabonetako Gutun eta Postal Lehiaketa antolatu du Muskizko Udaleko Euskara Zerbitzuak. Aurten, Covid 19-aren eraginez, ospakizun oro desberdina izango bada ere, segurtasun neurriak betez ekintza hau aurrera ateratzea erabaki du Euskara Zerbitzuak, eskola umeek gutun eta postaletan euren desioak azal ditzaten. Muskiz BHIko, Somorrostroko, Ikastolako eta Cantarrana Eskolako ikasleek hartu dute parte, eta urtarrilean, geletara itzultzen direnean, euren adinerako aproposa den euskarazko liburu bana eskuratuko dute irabazleek. Horretaz gain, gutun eta postal guztiak ikusgai daude Meatzari Aretoan, eta irabazleen lanak Euskara Zerbitzuaren webgunera igo dira (https://muskizeuskaraz.eus/).

Euskara Zerbitzuak, zehazki, Idoia Inoriza zinegotziak Muskizko haurrei eskerrak ematen dizkie, jarduera honetan parte hartzeagatik. Euskara zinegotziak adierazi duenez, “Oso pozik gaude, den-denek euren irudimena landu baitute eta irudi eta hitzen bidez adierazi. Hain txikiak diren haurren kasuan, hunkigarria da askok eta askok euren familientzako gauzak edo berriro ere elkartu ahal izatea besterik ez dutela eskatzen. Eredugarriak dira”.