Albisteak

 

FORLANekin (Udalerriko Toki Garapenerako Agentzia) eta Muskizko Merkatarien eta Profesionalen Elkartearekin lankidetzan, bonu komertzioa izeneko kanpaina jarri du abian Muskizko Udalak, "Muskizko komertzioetan erosteak abantailak dauzka" lelopean. Hurrengo astelehenean abian ipiniko den ekintza honi esker, udalerriko komertzio txikiari laguntzea da jomuga, kasu honetan, bonuen bitartez. Udalerriko saltokietan, ostalaritzan eta zerbitzuetan erostea saritzea da helburu nagusia, hain justu ere, herritarrek eta herrira bertaratzen direnek % 33ko edo % 50eko aurrezkiak eskuratu ahalko dituzte euren erosketak egiterakoan.

Kanpaina hau urtero egiten da, eta aurten indar handiagoz itzuli da, herrian bertan erostea bultzatzeko eta sustatzeko. Horretarako, inbertsioa handitu du Muskizko Udalak, zehazki, 40.000 euro bideratuko ditu Udalak kanpaina honetan, eta, orotara, 6.500 bonu banatuko dira herritarren artean. Hori horrela, ekintza honek 105.000 euroko eragina edukiko du udalerriko ekonomian. 

Gaur egungo egoera dela eta, Covid 19ak eragindako krisi ekonomikoa tarteko, hiru bonu mota prestatu dira. Lehenengo eta behin, ostalaritza bonua, zeinaren bidez pertsona kontsumitzaileak 10 euro gastatu ahalko dituen 15 euroko erosketengatik (horrelako 2.000 bonu izango dira eskura); bigarrenik, elikadura, botika, tabako-denda eta albaitaritza bonua, 10 euro gastatuz 15 euroko erosketak egin ahal izateko (mota honetako 3.000 bonu banatuko dira); eta bukatzeko, saltokietako eta gainerako jardueretako bonuak, kasu horretan,10 eurorekin 20 euroko erosketak egin ahalko dira (gisa horretako 1.500 bonu eskainiko dira).

Aurten, saltzaileek eurek eman ahalko dizkiete bonuak kontsumitzaileei, baldin eta beherapen horietaz baliatuz euren establezimenduetan erosketak egin nahi badituzte. Lehenengo fase batean bonuen % 50 banatuko dira izena eman duten establezimenduen artean, eta komertzio bakoitzari 50 bonu emango zaizkio gehienez. Eta salmentak zuritzen diren heinean, komertzioen artean 50 bonuko sortak banatuko dira, harik eta eskura dauden 6.500 bonuak agortu arte.

Beherapen hauetaz baliatu nahi dutenek, orotara, 4 bonu erabili ahalko dituzte establezimendu bakoitzean. Kanpaina datorren astelehenean hasiko da, abenduaren 21ean, eta indarrean egongo da 2021eko maiatzaren 31ra arte.

Kartela (PDF 352KB)