Albisteak

 

Lanbiderekin lankidetzan, enplegu plan berria jarri du abian Muskizko Udalak, zeinaren bidez, orotara, udalerriko iraupen luzeko 24 pertsona langabe kontratatu baitira, 6 hilabetez, eta % 75eko lanaldian. Lanean hasteko data abenduaren 31 baino lehenago izatea erabaki da, eta gazte planaren kasuan (30 urtetik beherakoak) abenduaren 18aren aurretik.

Programa hau elkarrekin finantzatu dute Lanbide enplegu publikoko zerbitzuak eta Muskizko Udalak, zehazki, 280.843,93 € eta 49.131,99 € inbertitu dituzte, hurrenez hurren. Hori horrela izanik, parte hartu ahal izateko, zerbitzu publikoko lan eskatzaile moduan izena emanda eduki dute hautagai guztiek. Lanbide Euskal Enplegu Publikoko Zerbitzuak zerrenda bat osatu du izena eman duten eta laneratzeko zailtasun gehiago dituzten hautagaien artean. Eta horren ondoren, Forlan Toki Garapeneko Agentziak, Udaleko Sail bakoitzeko arduradunekin batera, Udaleko enplegu programarako egokienak iruditzen zaizkion hautagaiak aukeratzen ari da Lanbidek proposatutako hautagaien artean.

Deialdi honetan jasotako eskaintzen artean honakoak daude: gune naturaletako mantentze lanetarako bost peoi, proiektu urbanistikoetarako teknikari bat, igeltsero ofizial bi, hiru administrari, informatika teknikari bat, lan orientatzaile bat, eta hezkuntza zentroetako mantentze-lanetarako bi ofizial. Horretaz gain, Gizarte Ekintza Saila indartzeko zortzi lanpostu beteko dira, zehazki, gizarte ekintzako koordinatzaile bat, gizarte langile bat, psikologo bat eta lau akonpainamendu eta hurbiltasun laguntzaile kontratuko dira. Udalerriko 30 urtetik beherakoentzako enplegu planari dagokionez, bi administrari plaza aterako dira.