Albisteak

 

Udalerrian euskararen erabilera handitzeko asmoz, Euskaraldia ekimenari batu zaio Muskiz. Auzotarrak, elkarteak, kirol clubak, hezkuntza zentroak eta abarrak azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den ekimen honetan inplikarazteko helburuarekin lanean aritu da Muskizko Udaleko Euskara Zerbitzua.

2020. urte honetan dagoeneko 170 pertsona baino gehiagok eman dute izena, eta oraindik interesa duten 16 urtetik gorako muskiztarrek izena eman ahalko dute, hain justu ere, www.izenematea.euskaraldia.eus webgunearen bitartez. Hori horrela, Euskara Zerbitzuak euren ahobizi edo belarriprest rola hartzera animatzen ditu herritar guztiak.

Egungo egoera gorabehera, Euskara Zerbitzua online lan egiten ari da, bilerak antolatuz eta udalerriko eragile desberdinak biltzen dituen bideo bat eginez, horrela, euskararen erabilera bultzatzeko, herritarrak sentsibilizatzeko eta euskara sektore desberdinetara zabaltzeko. Bideo honetan hainbat euskal autoreren lanak irakurri dituzte muskiztarrek, esaterako, Gabriel Arestiren, Kirmen Uriberen edo Karmele Jaioren obra batzuk. Orotara 73 grabaketa bildu dira. Bideo hauetan udal langileak, AEK-ko eta Udal Euskaltegiko ikasleak, hezkuntza zentroetako ikasleak, elkarteak, kirol clubak eta abarrak elkartu dira.

Txapen banaketa

Ekimenarekin bat egiten duten muskiztarrek bi bide izango dituzte txapak eskuratzeko. Iragan den ostiraletik, azaroaren 13tik, udalerriko Gaztegunean, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara; eta larunbatetan, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara. Era berean, azaroaren 20an, informazio mahaia ipiniko da Meatzari plazan. Bi bide hauetatik txapak eskuratu ezin dituztenek Euskara Zerbitzura jo dezakete eta beste modu batez helaraziko zaizkie txapak.