Albisteak

 

Covid-19ak eragindako pandemiaren aurretik, Gizarte Ekintza Sailaren bitartez, Nagusien Udal Zentroko instalazioak egokitzeko proiektu batean murgilduta zegoen Muskizko Udala, besteak beste, Nagusien Udal Zentroko gela, sukalde eta abarretako sarbideak eta banaketa hobetu ahal izateko. Hori horrela izanik, Nagusien Udal Zentroko instalazioak araudia betetzen badu ere, egungo egoerak agerian utzi du zentro soziosanitarioak hobetu ahal direla, seguruagoak eta erosoagoak izan daitezen, bai erabiltzaileentzat, bai langileentzat. Proiektu hau 7.400 €-ren truke esleitu da (BEZ kanpo), eta 2021eko lehen hiruhilekoan aurkeztea aurreikusi da.

Gizarte Ekintzaren arabera zentroa hobetzeko ezinbestekoak diren zutabe batzuen gainean eraiki da proiektu hau. Zutabe horietako bat segurtasuna da, eta ebakuazio bideak eta eusteko bitartekoak egokituko dira, sor litezkeen arrisku egoerei begira. Era berean, egongeletako, gimnasioko, jantokietako eta abarretako banaketa garrantzitsua da, izan ere, zabalak eta erosoak izan behar dira. Garraio egokituak jasotzen dituen erabiltzaileen sarrera eta irteeretako irisgarritasuna hobetzea da beste oinarrietako bat; ildo beretik, sartu eta ateratzeko igogailuak zabaldu egingo dira. Era berean, energia eraginkortasunean ere lan egiten ari da Udala, eraikin jasangarriagoa lortu ahal izateko.

Komeni da nabarmentzea zentroko bertako langileek eurek helarazitako beharrak eta udal teknikarien oharrak bildu direla plan honetan, eta proiektua gaur egungo araudiari lotuko zaiola segurtasunari eta energia eraginkortasunari dagokionez. Beranduago, proiektuaren aurrekontua kontuan hartuta, Udalak beharrezko pausoak emango ditu inbertsio honi modu egokian erantzun ahal izateko.