Albisteak

 

Euskara ikasteko eta udalerriko ostalaritza eta merkataritza establezimenduetan euskarazko errotulu eta toldoak instalatzeko dirulaguntzak eskatzeko epea ireki du Muskizko Udalak. Dirulaguntza hauetako partida osoa 10.000 eurokoa da, eta bata zein bestea euskararen erabilera handitzea dute helburu.

Aurreko ekitaldietan bezalaxe, udalerrian euskara sustatzeko dirulaguntza deialdiak onartu ditu Muskizko Udalak. Auzotarrek euskara ikasteko dirulaguntzek, udal langileek euskara ikasteko dirulaguntzek eta udalerriko komertzioetan errotuluak ipintzeko dirulaguntzek ez dute murrizketarik izan. Horren harira, Idoia Inoriza Euskara Zinegotziaren ahotan, “urtero-urtero, auzotarren eskaerak handitu egiten dira, horregatik, mota honetako laguntzak bultzatzen jarraitu behar dugula uste dugu, gure hizkuntzaren erabileran eragiteko eta euskararen ikasketa sustatzeko”. Era berean, zinegotziak adierazi duenez, “komertzioetako eskaerak kontuan hartuta, errotulu eta toldoetako partida handitu egin dugu deialdi honetan”.

Udalerrian erroldatutako herritarren laguntzei dagokienez, HABEk homologatutako ikasketa zentro publiko eta pribatuetan egiten diren ikastaroak lagunduko dira diruz, bai urritik ekainera arte egindakoak, bai udako hilabeteetakoak. Dirulaguntza arrunta matrikularen % 50 da; eta eskatzailea begiralea izanez gero edo Eusko Jaurlaritzan inskribatutako kirol edo kultur elkarteetako kidea izanez gero, matrikularen % 75, betiere 300,00 euroko muga igaro gabe. Dirulaguntza hauetarako Muskizko Udalak 8.000 euro bideratzen ditu orotara.

Dirulaguntza hauek eskuratu ahal izateko, ezinbestekoa da meatzaldeko herri honetan erroldatuta egotea, bai eta, gutxienez, egindako ikastaroetan % 85eko asistentzia izatea ere. COVID-19ak eragindako alarma egoera tarteko, ikastaro osoa kontuan hartuta gutxieneko asistentziara iristen ez diren horiek martxoaren 14tik ekainaren 21era arteko eskolak albo batera utzita kalkulatu ahalko dute asistentzia.

Horretaz gain, Muskizko Udalak partidako 500,00 euro bideratu ditu Muskizko Udaleko udal langileen euskara ikastaroetarako.

Errotulu eta toldoak

Elebitasun aktiboari jarraiki euskarazko errotulu edo toldoren bat instalatu duten Muskizko komertzio eta ostalaritza establezimenduek Udaleko laguntza hauek eskuratu ahalko dituzte. Dirulaguntza hauetarako Muskizko Udalak, orotara, 1.500 euro bideratuko ditu 2020. urtean, alegia, beste urte batzuetan baino kopuru handiagoa. Elementu bakoitzari fakturaren % 50eko laguntza emango zaio, betiere 360 euroko muga gainditu gabe, toldo eta errotuluak euskara hutsez idatzita egonez gero. Eta fakturaren % 30 jaso ahalko dute eskatzaileek, toldo eta errotuluak elebidunak badira, kasu horretan, 180 euroraino. Eskatzaile bakoitzak, gehienez ere, 500,00 euro jaso ahalko ditu dirulaguntza hauen bitartez.

Eskaerak aurkezteko epeak

Eskaerak behar bezala beteta aurkeztu behar dira Muskizko Udaleko Erregistroan edo Muskizko Udaleko Euskara Zerbitzuan, jende aurreko ordutegian (09:00-13:00), 2020ko urriaren 5etik urriaren 30era.