Albisteak

 

Urria hastearekin batera, normaltasun berri honetan urratsak ematen hasi da Muskizko Udala, eta, urriaren 5etik aurrera, berriz ere kirol ikastaroak eskainiko dira udal kiroldegian. Komeni da nabarmentzea bizi dugun egoera tarteko, klase batzuetan ez dela ohiko ordutegirik mantenduko eta beste batzuk bertan behera geratuko direla, nolanahi ere, Kirol Sailak lanean dihardu itzulera hau auzotarrentzat ahalik eta gogobetegarriena eta seguruena izan dadin, gaur egungo mugak gorabehera.

Zentzu horretan, Unai Landaburu Kirol Saileko zinegotziaren ahotan, “uste dugu beharrezkoa dela kirol jarduerari ekitea”. “Ez da nahiko genukeen itzulera, izan ere, ezingo dugu kirol jardueraren % 100 eskaini, baina egungo egoerak bestelako erabakiak hartzera behartzen gaitu. Hori dela eta, hori ulertzea eskatzen diegu kiroldegiko erabiltzaile guztiei eta apurka-apurka beste ikastaro batzuk eskaini ahal izatea espero dugu”. 

Hilabete honetan, kiroldegira hurbiltzen direnek pilates, dantza aktiboa, acrodanza delakoa edo urban dantza motatako ikastaroak egin ahalko dituzte, besteak beste. Era beran, barruko igerilekuan ere ikastaroak egin ahalko dira, alegia, igeriketa egokitua, helduentzako hobekuntza eta hastapenak, aquagym, haurdunentzako igeriketa, haurrentzako hastapenak eta hobekuntza… (albisteari atxikitako pdf euskarrietan asteko ordutegiak eta egunak jasotzen dira).

Ohiko ikastaroez gain, Kirol Sailak padel ikastaro bat ere eskainiko du. Astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 11:30era eta 19:00etatik 20:30era, helduentzat; eta 18:00etatik 19:00etara, haurrentzat. Asteburuan, berriz, 10:00etatik 11:30era helduentzat; eta 12:00etatik 13:00etara, haurrentzat. Taldeetan, gehienez, 4 pertsona egon ahalko dira.

Jarduerak egiteko jarraibideak

Jarduerei ekin orduko, ematen diren jarraibide guztiak bete beharko dituzte erabiltzaileek. Saioak hasi aurretik, tenperatura hartuko da, 37º edo tenperatura altuagorik izanez gero, ezingo da parte hartu. Maskara erabiltzea derrigorrezkoa da, eta gel hidroalkoholikoa ere bai. Erabiltzaile bakoitzak bere estera eta toalla eraman beharko ditu, eta ezingo dira aldagelak erabili. Klaseetan gehienez ere 15 pertsona egon ahalko dira eta 40 minutu iraungo dute. Klaseak bukatutakoan, materialak desinfektatu eta gunea aireztatu beharko da. Bestalde, igerilekuan derrigorrezkoa izango da maskara erabiltzea, dutxetan eta igeri egiten den bitartean izan ezik; ezingo da aldageletako armairurik erabili, ezta ile lehorgailurik ere, eta, horretaz gain, plastikozko poltsa bat eraman beharko da igerilekura gauza pertsonalak eramateko eta maskara poltsa horretan gorde beharko da.

Igerilekuko eta fitness-eko ordutegia zabaltzea

Ostegun honetatik aurrera, urriak 1, igerilekuko eta fitness saioetako ordutegiak zabalduko dira. Igerilekuen kasuan, 09:00etatik 12:30era, eta aldez aurreko hitzorduei dagokienez, lehenengoa 09:00etan izango da; eta azkena, 20:00etan. Igerileku txikia bi zatitan banatuko da, kortxoen bidez, eta hitzordua eskatuta aurretik erreserbatzeko aukera egongo da, 6 urteko haurrentzat, betiere helduek lagunduta, gehienez ere, 2 adingaberekin egon ahalko da heldu bakoitza, hau da, gehienez, 6 pertsona. Igerileku handiaren kasuan, berriz, urriaren 5etik aurrera, ikastaroak hasiko dira, eta igeriketa librerako bi kale utziko dira, hau da, 4 pertsonarentzat, gehienez. Asteburuei dagokienez, larunbatean, ordutegia 10:00- 13:30 eta 16:30-19:30 izango da; eta igandean, 10:00-13:30.

Fitness saioei erreparatuta, hauxe izango da ordutegia: 10:00-13:00 eta 16:30-20:30. Lehenengo hitzordua 10:00etan izango da, eta azkena 19:30ean. Asteburuetan itxita egongo da.