Albisteak

 

Muskizek bere lehenengo “Txakurgunea” dauka. Kanpoaldean gozatzeko parke bat da, kasu honetan, zakurrentzako bakarrik. Udalerrian mota honetako aisialdi gune bat eskatu dute auzotarrek aurrekontu parte-hartzaileen bidez, eta, horrela, erantzuna eman zaio auzotarren eskakizun horri. Horretarako, Muskizko Udalak, orotara, 28.555,49 euro bideratu ditu eta meatzaldeko enpresa batek egin ditu lanak.

Malecon kirol instalazioen aldamenean egokitu da Muskizko zakur parkea, eta bertan  perimetroko itxitura bat instalatu da, bai eta itxitura ate bat ere. Zakur jolasak direla eta, esparru honetan saltatzeko gurpil bat instalatu da, oztopo eremu bat, azkartasun slalom bat, orekarako pasabide bat eta hainbat plataforma. “Txakurgunean”, horretaz gain, beharrezko hiri altzariak ere ipini dira, esate baterako, bankuak, paperontziak eta iturri bat. Bukatzeko, gune honetan kartel bat jarri da, instalazio hau erabiltzen duten pertsona guztiek gune hau erabiltzeko araudiaren berri izan dezaten.