Albisteak

 

Kanpoko igerileku berrietako obrak bukatu ditu Muskizko Udalak, eta asteazken honetatik aurrera, uztailak 15, udalerriko auzotarren eta bisitarien eskura izango dira, uda osoan. Igerilekuak irekiko badira ere, Covid-19aren ondorioz bizi dugun egoera tarteko, estreinaldia ez da desio zen bezalakoa izango, eta aurretik hitzordua eskatuta soilik erabili ahalko dira.

Horretaz gain, hainbat muga ere ezarriko dira, besteren artean, pertsona bakoitzari astean hiru erabilera eskainiko zaizkio gehienez (goiz edo arratsalde osoa da erabilera bakoitza), eta jasotzen den eskariaren arabera, Muskizko Udalak muga hori handitzeko aukera aztertuko du. Era berean, hitzorduak aldez aurretik hartu beharko dira, www.muskiz.org Muskizko Udaleko webgunearen bitartez.

Gainerako udal instalazioen kasuan bezalaxe, igerilekua erabiltzen dutenek ezarritako hainbat arau bete beharko dituzte, adibidez, igerilekuetako aforoa. Plista-plasta ibiltzeko igerilekuan 15 pertsonako aforo muga izango da; eta igerileku handian, gehienez, 75 pertsona egon ahalko dira. Gune osoaren aforoa, berriz, 300 pertsonakoa izango da. Debekatuta dago soropilean jolastea, eta ur bazterrean geratzea, plista-plasta aritzeko igerilekuan euren seme-alabak zaintzen ari diren gurasoen kasuan izan ezik. Horretaz gain, jostailu eta pilotak ere debekatuta daude.

Muskizko Udalak nabarmendu gura du segurtasun neurri eta distantzia guztiak bete behar direla, eta ildo beretik komeni da gogoraztea arauak betetzen ez dituzten horiek kaleratu ahal dituela instalazioetako arduradunak, bai eta arauak betetzen ez dituztenei egun batzuetarako sarbidea debekatu ere.

Prezioak

Kiroldegiko abonua dutenek ez dute sarrerarik ordaindu beharko. Gainerakoentzat denboraldiko abonua eskainiko da; familiako / bizikidetza unitateko abonuen kasuan, erroldatuentzat 45,00 eurokoa da; eta ez erroldatuentzat, 66,50 eurokoa. Abonu indibidualari helduta, 3 urtetik 14 urtera, 20,50 eurokoa da erroldatuen kasuan; eta 37,00 eurokoa, erroldan ez daudenentzat. 15 urtetik gorakoentzako prezioa 28,50 eurokoa da erroldatuen kasuan; eta 45,00 eurokoa, ez erroldatuen kasuan. Eguneko sarrera indibiduala bakarrik nahi dutenentzat, 3 urtetik 14 urtera artekoentzat, 65 urtetik aurrerakoentzat eta pentsionistentzat 1,75 eurokoa da sarrera; eta gainerakoentzat, hau da, 15urtetik 65era artekoentzat, 2,50 eurokoa. 3 urtetik beherakoentzat sarrera dohainik izango da, eta heldu batek lagunduta egon beharko dute beti. Ildo honetatik, komeni da nabarmentzea % 50 jaitsi dela sarrera indibiduala eta goizerako edo arratsalderako balioko duela (ez egun osorako). Denboraldiko abonuan ere beherapena egin da, izan ere, iragan den uztailaren 1ean irekitzea aurreikusi zen hasiera batean.

Eskaintza handitzea

Hasiera batean astean 3 erreserba egin zitezkeen tenisean, padelean, igerileku estalian eta gimnasioetan, baina lehenengo egunetako erabilera baloratu ostean, eskaera urria izan dela ikusita, astean 6 erreserba egin ahalko dira hemendik aurrera. Hori bai, bi gimnasioen kasuan, ezin dira 6 erreserba egin gimnasioetako bakoitzean, 6 erreserba horiek bi gimnasioak batuta egin ahalko dira, erabiltzailearen gustura, gimnasio bakarrean edo bi gimnasioetan banatuta.

Itzulketak itxiera dela eta

Kiroldegia erabiltzeko baldintzak aldatu egin dira, eta “normaltasun berria” delakoak irauten duen bitartean bere horretan egongo dira, hori horrela, abonua dutenei abonuari uko egiteko aukera eskaini behar zaiela uste du Muskizko Udalak. Hortaz, abonua duten guztiei instalazioa itxita egon den tarteari (martxoak 17 – ekainak 30) dagokion zenbatekoa itzuliko zaie. Eta abonuari uko egin nahi dionari baja emango zaio kiroldegian, eta dagokion zatia itzuli, kasu horretan, martxoaren 17tik abenduaren 31ra artekoa. Baja hartzeko epea ostiral honetan amaituko da, uztailaren 17an, eta aurrez aurre eska daiteke, telefonoz (946708319) edo polideportivomuskiz@muskiz.com helbide elektronikora idatzita.