Albisteak

 

Pertsona nagusientzako Udal Zentroaren bitartez, nagusi aktiboentzako programa bat sortu du Muskizko Udalak, eta uztailean eta abuztuan eskainiko da. Ekimena datorren uztailaren 14an hasiko da, eta Meatzari plazan jarduera fisikoak egitean datza, hortaz, erdigunean dagoen espazio publiko batean egingo dira ekintzak.

Etxealdia dela eta, bereziki zailtasunak izan dituzte 60 urtetik gorako bizilagunek, izan ere, horixe da arrisku talde nagusia, eta, horren aurrean, jarduera hauek bideratzea beharrezkotzat jo du Muskizko Udalak, nagusiek euren etxetik kanpo jarduera sozialak egiteko, eta, horrela, “normaltasun berrian” sartzen laguntzeko. Zahartze aktiboa sustatzea, harreman sozialak bultzatzea, autoestimua hobetzea eta parte-hartzea sustatzea dira egitasmo honen helburuak.

Jarduera hauek guztiak Meatzari plazan aterako dira aurrera, eta espezializatuta dagoen begirale batek zuzendu eta dinamizatuko ditu. Esan gabe doa, ekintza hauetan guztietan segurtasun eta osasun protokolo guztiak bete beharko direla. Hori horrela, parte-hartzaileek gutxieneko segurtasun tarte bat gorde beharko dute euren artean eta klase bakoitzeko aforoa 25-30 pertsonakoa (gehienez) izango da. Herritarrak enparantzara iristen diren hurrenkeraren arabera banatuko dira plazak. Maskarak erabiltzea derrigorrezkoa izango da. Gimnasia, zumba eta dantzako saioak astearte eta ostegunetan egingo dira, 11:00etatik 12:30era.