Albisteak

 

Muskiztar guzti-guztiek markatzen dute San Juan jaietako data euren egutegietan, baina, aurten, Covid-19aren eraginez, festa hauek eten egin behar izan dira. Hori horrela izanik, Jai Batzordearekin batera, egitarau birtual bat prestatu du Muskizko Udalak, ekainaren 23rako eta 24rako. Muskizko Udala jarduera ugari antolatzen aritu da, eta jarduera horietako gehienak Internet bidez eskainiko dira. Jaiak bertan behera geratu badira ere, egitarau birtual honen bitartez, Muskizko Udaleko ordezkariek nabarmendu dutenez, herritarrek jai “desberdin” batzuez gozatu ahal izatea da helburua, betiere erantzukizunez eta ezarritako segurtasun neurri guztiak betez.

Asteartean, ekainaren 23an, 19:00etan, txupin birtuala egingo da, eta pregoian honakoek hartuko dute parte: Goizale Eskaut Taldea, bere 35. urteurrenaren harira; Anne De Pablo, Mendiz Mendi taldekoa eta Bizkaiko eta Euskadiko ziklo-kros txapelduna; eta Karate Full Contact taldeko txapeldunak: Nahikari Montes, Izaro Higuero, Ruth Cieza eta Garazi Humaran. Ildo beretik, aurten txupina Babes Zibilak jaurtiko du. Txupinaren ostean, Muskizko Emakumeen Elkarteak auzotar guztiak agurtuko ditu online txokolate janaren bidez; ondoren, Muskizko Gazteriak bere jaietako aurkezpena egingo du sare sozialen bidez. 19:30ean, Zai Zoi Bele Muskizko Batukada Feministak kaleak girotuko ditu kalejira bat eginez, Ikurrina parketik aterata, Antonio Trueba eta El Crucero inguruetan zehar. Ordu berean, Jarraitzen dugu udalerriko txistulari taldeak beste kalejira bat egingo du, kasu honetan, Meatzari plazatik abiatuta San Juanera eta Oiankasera iritsiko dira txistulariak.

19:30etik 22:00etara, udalerriko hainbat tabernatan, pintxo-potea egingo da, Muskizko Gazteriak lagunduta, eta, zentzu honetan, komeni da gogoraraztea segurtasun neurri guztiak bete behar direla. Pintxo-potea egiten den bitartean, 20:00etan, Haritzkandako, Eskubaloi taldeko, Muskizko Gazteriako eta Stop Bullying elkarteetako txosnek euren agurra eskainiko diete herritarrei sare sozialen bidez. 20:15ean, Igor Dj-ak, kasu honetan ere sare sozialen bidez, herritar guztiak animatuko ditu. 22:00etan, Superalfa online kontzertua eskainiko da, eta, kontzertu horren ostean, Igor Dj eskainiko da berriro ere. Gainera, egun osoan zehar, online tribial bat egingo du Muskizko Barbadun pilota taldeak.

Gau sinbolikoa

22:50ean, asteartean, ekainaren 23an, Muskiz argiz betetzeko unea izango da, izan ere, ordu horretantxe, Muskizko balkoi, leiho eta terrazak beteko dituzte argiek. Suziri bat jaurti ondoren, 10 minutuz, argi guzti horiek piztuko dira, eta Muskizko Jai Batzordeak une horretako argazkiak egin eta muskizkojaiak2020@gmail.com helbidera bidal ditzaten animatu nahi ditu herritar guztiak. Bigarren suziria jaurti ondoren, argiak itzali eta txaloen bitartez omenaldi hunkigarri bat egingo zaie pandemia honetan lanean aritu diren profesional guztiei horiei.

San Juan eguna

Asteazkenean, ekainaren 24an, 11:00etan, Jarraitzen Dugu taldearen kalejira izango da. Txistulari taldea Gibatik hasi eta El Ojillo, Antonio Trueba, El Crucero eta Sobalbadun zeharkatuko ditu. 11:30ean, berriz, hainbat auzo bisitatuko ditu Disko Ibiltariak eta Muskizko Tiragoma Lagunak taldeko kideek eta Barbadun pilota taldeko kideek, Oinatz Bengoetxearekin, Aimar Olaizolarekin eta Mikel Urrutikoetxearekin batera, Muskizko herritarrak agurtuko dituzte. 11:45ean, berriz, dantza aktiboko online erakustaldia izango da, eta, horren ondoren, Denbora Kolpeka taldearen txanda helduko da. 12:00etan, bertso saioa eskainiko da, Maialen Lujanbio eta Igor Elortza bertsolarien eskutik, eta, horretaz gain, ohorezko aurresku bat ere eskainiko da. Ondoren, XV. Txistu kontzertua izango da; eta, 14:00etan, paella lehiaketa. Parte hartu nahi duten guztiek argazki orijinal bat bidali beharko dute, jarduera hau ere online izango baita.

14:30ean, hirugarren adinekoen agurra izango da; arratsaldean, Bailearte taldearen erakustaldia izango da, eta 18:30ean, defentsa pertsonaleko masterclassa, Muskizko Club Karate Full Contact taldearen eskutik. 19:00etan, Muskiztarrak Elkarteak herritar guztiak agurtu eta herritarrak sardina janean parte hartzera animatuko ditu, sardina gozo-gozo batzuk egiteko argazkien bidez. Bukatzeko, 19:15ean, Alberto Bargosek ipuin bat kontatuko die haurrei, ondoren, Oihartzuna abesbatzaren txanda izango da, eta bukatzeko, Denbora Kolpeka musika taldea.

Guztira, 20 elkarte baino gehiagok hartu dute parte, eta Muskizko Udalak eta Jai Batzordeak eskerrak eman nahi dizkiete Muskizko elkarte guzti horiei, euren lan eta ilusioari esker, eurek euren kabuz eta eskuzabaltasun osoz prestatutako jarduerez betetako egitaraua osatu ahal izan delako. Era berean, komeni da gogora ekartzea Covid-19aren ondorioz ezarritako gizarte eta osasun neurri eta arau guztiak bete behar direla.

Egitaraua (PDF 471KB)