Albisteak

 

Udaltzaingoko buruzagia izendatzeko urte hasieran abian ipini zen aukeraketa prozesua bukatu du Muskizko Udalak, zeina etenda geratu baita COVID 19a dela eta sortu den pandemiak eragindako egoera tarteko. Deseskalatze faseak abiatuta, prozedura honi ekin zaio berriro, eta hurrengo egunetan amaituko da, langileak lanpostua jabetzan hartzen duenean.

Beste alde batetik, udako hilabeteetan sortuko diren premia berriei erantzute aldera, Udaltzaingoko plantillari hiru udaltzain laguntzaile gehitu dizkio Udalak, hain justu ere, ekainaren 17tik irailaren 17ra Muskizko Udaltzaingoa indartu ahal izateko.

Era berean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak kudeatzen duen bitarteko polizia agenteen lan-poltsa erabilgarri egon bezain azkar, aurreikuspenen arabera, irailean, bi bitarteko polizia agente gehituko dira Muskizko Udaltzaingoko plantillan, lanpostu horiek behin betiko hornitu arte, Udaltzaingoko eta Ertzaintzako deialdi publiko komunaren bitartez, zeina una honetan etenda baitago eta urte honetako hurrengo hilabeteetan berriro abian jartzea espero baita.

Polizia hurbilagoa

Neurri hauek, eta azken boladan hartu diren beste neurri batzuk, adibidez, ibilgailu berriak eskuratzea, espazio publikoetan trafikoa kontrolatzeko kamerak instalatzea, komisaldegia udalerriko erdigunera mugitzea, bai eta aurrerago bideratuko diren beste egokitzapen batzuk ere, auzotarrarengandik hurbilago dagoen polizia egiteko helburua dute, bai eta polizia gizarteak eskatzen dituen premia berrietara moldatzea ere.