Albisteak

 

Bizkaiko Foru Aldundiak Eguneko Zentroak berriro irekitzeko baimena eman ondoren, Muskizko Udaleko Eguneko Zentroaren kudeaketa osoa Udalekoa izaki, Muskizko Udalak asteak daramatza datorren ekainaren 15ean, astelehenean, ohiko jarduera berme guztiekin abian jarri ahal izateko. Data hau Udalaren eta Eguneko Zentroa kudeatzen duen enpresaren artean adostu da, hori guztia Trapagarango Eguneko Zentroarekin koordinatuz, azken hori ere udal kudeaketakoa.

Zentzu honetan, Txus Romon Gizarte Ekintzako zinegotziaren ahotan, “ekainaren 15ean gure ohiko jarduera berreskuratzea espero dugu, % 75eko okupazioarekin, Muskizen kasuan, erroldan dauden ia-ia erabiltzaile guztiak artatu ahal izatea esan nahi du horrek”. Era berean, “alde batetik, dagoeneko eginda daude prebentzio planak, instalazioak, jantokia eta garraioa egokitzeko; bestetik, ekintza plan bat lantzen ari da, erabiltzaileak, erabiltzaileen familietako kideak, eta langileak osasun berme guztiekin aritu ahal izateko”.

Aste honetan, erabiltzaileen familiekin harremanetan jarriko dira Gizarte Ekintza Saileko langileak, hartu duten konpromisoaz eta proposatutako neurriekiko atxikimenduaz informatzeko, edozein osasun arrisku saihesteko. Horrekin lotuta, udalerriko Eguneko Zentroarekin harremanetan jarri da Muskizko Udala, Eguneko Zentrora itzuli aurretik erabiltzaile guztiei PCR probak egin dakizkien. “Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Urgatzirekin langileen % 100ek ere test horiek egitea adostu da”, Txus Romonek baieztatu duenez.

Ildo beretik, komeni da gogoraraztea Eguneko Zentroan eta Atseden Zentroan (asteburuko zerbitzua) koordinatu beharreko beste zerbitzu batzuk ere eskaintzen direla, adibidez, garraio egokitua eta erabiltzaileentzako jantoki zerbitzua.