Albisteak

 

Jaietako Sailarekin eta Kultura Sailarekin batera, udako hilabeteetan udalerrian egiten diren festak eta ekimenak bertan behera uzteko erabakia hartu du Muskizko Udalak. EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteak zehaztutako gomendioei jarraiki hartu da erabakia, muskiztarren segurtasuna bermatzeko eta COVID-19ak herritarrak kutsatzea saihesteko. Hori horrela, Muskizko Udalak jakinarazi duenez, meatzaldeko udalerri honetan, irailaren 30era arte ez da inolako jai ekimenik aurrera aterako.

Neurri honen ondorioz, bertan behera geratuko dira herriko auzo batzuetako jaiak, hain justu ere, La Rigadako abuztuko jaiak eta Pobeñako iraileko ospakizunak. Erabaki honi buruz, Ainara Leiba Jaietako Saileko zinegotziaren aburuz, “erabaki tristeak dira, baina ezinbestekoak murgilduta gauden osasun egoera tarteko. Jai Batzordeak osatzen dituzten pertsonen babesarekin eta ulermenarekin geratzen naiz”.

Era berean, Kultura Sailak baieztatu duenez, bertan behera geratu dira Nazioarteko Zakur Lehiaketa, Nekazaritza eta Abeltzaintza Azoka eta Ehiza eta Arrantza Azoka.