Albisteak

 

Udalerriko merkataritza eta enpresa ehunduraren eskura dirulaguntza bat ipiniko du Muskizko Udalak, COVID-19aren ondorioz ezarri den Alarma Egoera dela eta bertan behera geratu diren jarduerek edo larriki kaltetuak izan diren jarduera horiek sufritu beharko dituzten galera ekonomikoak arintzeko eta jarduera hauek guztiek udalerrian aurrera jarrai dezaten laguntzeko.

Muskizko Udaleko arduradunek adierazi dutenez, “kantitate hori eskura daukagu eta baldintzak betetzen dituzten eskabide guztiak hartuko ditugu aintzat. Era berean, krisi ekonomiko honetako lehenengo sei hilabeteak igaro eta gero, gure ehundura ekonomiko eta sozialak laguntza gehiago behar baditu, beste plan zehatz bat egiteko konpromisoa hartzen dugu”.

Muskizko Udalak 800.000 euroko funtsa dauka eta norbanako bakoitzaren baldintzen arabera banatuko dira laguntzak eskatzaileen artean. Zenbateko hau jasotzeko baldintzak betetzen dituztenek 5.000 euroraino jaso ahalko dituzte. Xehekako merkataritzako, ostalaritzako eta gisa horretako jarduera bat aurrera ateratzen duten pertsona fisiko eta juridikoek eskatu ahalko dituzte laguntzak, betiere helbide fiskala Muskizen badute edo Muskizen erroldatuta badaude. Horretaz gain, helbide fiskala eta jende aurreko establezimendu bat beste udalerri batean duten Muskizko autonomoek ere laguntza hauek jaso ahalko dituzte.

Hiru motatako laguntzak daude. Lehenengo sailean, laguntza planeko baldintzak bete eta xehekako merkataritzako, ostalaritzako edo gisa horretako jarduera bat Muskizen garatzen duten pertsona fisiko edo juridikoentzako laguntzak daude; eta Muskizko autonomoentzako laguntzak, helbide fiskala eta jende aurreko establezimendu bat beste udalerri batean badute. 500 euro eta 1.500 euro arteko laguntzak dira.

Bigarren atalean, maileguetarako, hipoteka maileguetarako eta COVID-19ak eragindako NBEetarako eta garbiketarako laguntzak daude, lanaldi osoan dagoen langile bakoitzeko, ABEEEa izapidetu gabe duen langile bakoitzeko edo ABEEEa % 100ean osatuta duen langile bakoitzeko. Laguntza hauek 150 euro eta 600 euro artekoak dira.

Eta bukatzeko, hirugarren atalean, enplegua sustatzeko partida bat dago. Laguntza eskatzen duen enpresa berean kaleratuak izan diren pertsonak kontratatzen dituzten kasuetarako edo alarma egoeraren barruan kontratua amaitu duten kasuetarako laguntzak daude, bai eta Muskizko langabeak kontratatzeko laguntzak ere, horrek enpresako langile kopurua garbi handitzea baldin badakar. Kasu honetan, 500 euro eta 1.200 euro artekoak dira laguntzak.

Interesa duten guzti horiek Muskizko Toki Garapenerako Agentzian (FORLAN) eskatu ahalko dituzte laguntzak, 946706016 telefonora deituta edo www.forlan.org webgunearen bidez. Era berean, atxikitako eskuorrian informazio guztia dago eskuragarri, eta dirulaguntzetako diru kopuru guztiak ere bertan daude zehaztuta.

Informazio liburuxka (PDF 70KB)