Albisteak

 

Babeserako KN95 motako bina maskara banatzeari ekingo dio Muskizko Udalak hurrengo astean, maskara horiek FFP2 motako maskaren baliokideak dira, eta muskiztar bakoitzak bere etxean bina eskuratuko ditu, dohainik, horrela, kalera ateratzeko segurtasun handiagoa izateko eta koronabirusak kutsatutako kasu gehiago izatea ekiditeko, krisi honen ondorioek irauten duten bitartean.

Munduko Osasun Erakundeak  (MOE) gomendatutako babesteko maskara hauen kopuru handia eskuratzea erabaki du Muskizko Udalak udalerriko auzotarrentzat, zehazki, pertsona bakoitzak bi izango ditu, eta horretaz gain, maskara gehiago ere erosi dira, Muskizko Udaleko lan taldeek izan ditzaketen premiak asetze aldera.

Arestian aipatu bezala, banaketa etxez etxe egingo da hurrengo astean, El Cerro Kirol eta Kultur Elkartearekin elkarlanean, hain justu ere, Muskizko 50 boluntariotik gora arituko dira lanean maskarak gutunetan biltzen eta banatzen. Neurri honen bitartez, bizilagunak udalerrian kutsatzeko arriskua are gehiago txikitu nahi du Muskizko Udalak, bereziki, etxealdiko neurriak progresiboki arintzen ari diren sasoi honetan.

FFP2 Maskarak

Arnasteko babes  maskara hauek airea iragazten dute eta partikula, bakteria eta birusak geldiarazi. Zehazki, KN95 izeneko mota hau FFP2 modura kalifikatuta dago eta gutxienez % 92ko eraginkortasuna dauka. Osasun eta lan arloan gomendatutako maskarak dira, izan ere, babes bikoitza eskaintzen dute: kutsatutako pertsonek norbera kutsatzea saihesten dute, eta norberak beste pertsona osasuntsu batzuk kutsatzea ere ekiditen du. Babeserako KN95 maskara hauek partikulak airean dauden lan eremuetan ere erabil daitezke, eta osasun langileen kasuan, infekzio eragileetatik babesteko lehen hesi modura ere erabiltzen dira .

Liburuxka (PDF 74,5KB)