Albisteak

 

Covid-19ak eragindako etxealdian udalerriko haur eta nerabeak izaten ari diren jarrera ona saritu nahi du Muskizko Udaleko Gazteria Sailak. Horretarako, aste honetatik aurrera, herriko txikienek sorpresaz betetako poltsa bana jasoko dute euren etxeetan. Muskizko Udaleko Gazteria Saileko ekimen bat gehiago da, eta Idoia Inoriza Gazteria Saileko zinegotziak adierazi duenez, “etxealdian haur eta gazte guztiek izan duten jokaera miresgarria da, oso ondo portatu dira, eta nolabait ere hori eskertu nahi izan dugu. Sorpresa txiki hau eskerrak emateko modu bat da, izan ere, badakigu ez dela erraza izan, txapeldun batzuk izan dira”. Era berean, herriko Gaztegunea aurrera ateratzen ari den lana ere eskertu nahi izan du Idoia Inorizak: “lanean ari gara bizi behar dugun sasoi hau guztioi atseginagoa egiteko, eta zeregin horretan ezinbestekoa izan da Gazteguneko langile guztien inplikazioa”.

Orotara, herriko 1.300 haur eta nerabek artikuluz betetako poltsa bana eskuratu ahalko dute euren etxeetan. Gazteria Sailean adinaren araberako banaketa bat egin da, izan ere, nerabeek pandemia egoera honetan izandako jokaera ere saritu beharrekoa da. Hori horrela, 0 eta 12 urte artekoek diploma eta agenda bana, gominolak eta margoak jasoko dituzte; 13 eta 18 urte artekoek musika entzuteko kaskoak, sokazko motxila bat eta eskerrak emateko txartel bat. Poltsa hauek guztiak aste honetan hasiko dira zabaltzen Muskizko etxebizitza guztietatik, adin tarte txikienetik hasita, eta jarraian nagusiagoen txanda helduko da.