Albisteak

 

Alarma egoeraren aurrean, hainbat jarduera ezin izango dira bere horretan aurrera atera, eta Muskizko Udala lanean ari da, ekintza horiek guztiak etxeetatik bidera daitezen. Besteak beste, WATS delakoarekin batera lantzen ari zen prestakuntza, esaterako, dagoeneko etxetik landu ahalko da. Horretarako, WATS ONLINE Familia Eskolako prestakuntza abiarazi du Kirol Sailak, WATSeko lankideekin batera, eta Muskizko etxeetan "Familia Eskola, kirol balioak lantzeko eta oinarrizko kirolean indarkeria prebenitzeko" izeneko programa eskainiko da. Honi helduta, Unai Landaburu Kirol zinegotziak, WATSeko taldekideekin batera, programa honetan parte hartzera animatzen ditu familia guztiak: "Online ekimen honen alde egin dugu, familiek etxealdian prestakuntza egin ahal izan dezaten. Formazio honetan biolentziarik gabeko kirola lortzeko berebiziko garrantzia daukaten alor desberdinak jorratuko dira".

Prestakuntza hau online bidezko bi  saiotan datza: lehenengoa apirilaren 23an izango da; eta bigarrena,  30ean; biak ere 18:00etatik 20:00etara. Eskola hauetan indarkeriarik gabeko kirola lortzeko ezinbestekoak diren esparru desberdinak landuko dituzte parte-hartzaileek. Apirilaren 23an familiak kirolean daukan rola landuko da, eredugarritasuna, gaur egun indarkeriak kirolean daukan eragina, psikologia eta  komunikazioa. Apirilaren 30ean, berriz, biolentziaren prebentzioa eta hautematea landuko da (kirolaren esparruan agertzen diren indarkeria mota desberdinak bistaratuko dira), bai eta indarkeria sortzen duten egoeren aurrean jarduteko protokoloak. Era berean, gatazkak ebazteko kudeaketa eta ebazpen tresnak eta Sare Sozialen erabilera ere aztertuko dira.

Prestakuntza hauek jasotzeko interesa dutenek link honetan sartu eta bertan dagoen galdetegia bete ahal dute. Izena eman ondoren, WATSeko langileek posta elektroniko bat bidaliko diete online prestakuntzara sartzeko helbidea helarazteko.