Albisteak

 

Euskara Zerbitzuak eskaintzen dituen jarduera, kanpainak eta zerbitzuak hedatzeko asmoz, www.muskizeuskaraz.eus webgunea jarri du abian Muskizko Udalak. Webgune honetan, zazpi atal nagusi aurkitu ahalko dituzte herritarrek: nortzuk gara, agenda, jarduerak, dirulaguntzak, hizkuntza zerbitzuak, albisteak eta harremana; horrela, meatzaldeko udalerri honetan euskararen alorrean lantzen diren ekintza guztien berri izan ahalko dute herritarrek.

Albisteak eta Agenda atalak etengabe ari dira elikatzen, eta informazio tresna hau Udaleko webgunearen eta Euskara Zerbitzuak dagoeneko erabiltzen dituen Facebook, Twitter eta Instagram kontuen osagarri izango da; horrela, sare sozialik erabiltzen ez duten herritar horiengana ere iritsi ahalko da informazioa, izan ere, sakelako telefonotik erraz erabiltzeko modukoa da webgune hau.

Era berean, webgune honen bitartez, Euskara Zerbitzuarekin harremanetan jartzeko aukera dago, adibidez, dirulaguntzei buruzko zalantzak argitzeko edo egingo den jarduera bati buruzko informazioa eskuratzeko. Ildo beretik, Muskizko saltokiek eta saltzaileek zabalkunde publikoko testu laburrak itzultzeko edo zuzentzeko zerbitzua eskatu ahalko dute webgunetik bertatik.

Bukatzeko, webgune honetan buletin zerbitzua ere badago, zeinaren bitartez interesa duten guztiek Euskara Zerbitzuak antolatzen dituen zerbitzu, jarduera eta abarrei buruzko informazioa jaso ahalko baitute euren posta elektronikoan. Arestian azaldu denez, webgune elebiduna da, hortaz, buletinean euskarazko bertsiotik izena ematen dutenek euskaraz jasoko dute informazioa; euren helbide elektronikoa gaztelaniazko bertsiotik ematen dutenek, berriz, gaztelaniaz.