Albisteak

 

Muskizko udalerrian, orotara, 500 pertsona nagusi baino gehiago daude, eta koronabisurak eragindako osasun alarmaren aurrean, Muskizko Udaleko Gizarte Ekintza Saila udalerriko nagusien jarraipena bideratzen ari da, eta horretaz gain, kolektibo zaurgarriei begirako gomendioak helarazten ari da. Hain justu ere, Euskadi Lagunkoia proiektuaren baitan sortutako gida hau irakurtzea aholkatzen du, besteak beste. Gida honetan dementzia duten pertsonak bizi diren etxebizitzetan egin beharreko zenbait egokitzapen jaso dira.

Gida honetan etxebizitzaren gune desberdinak nolakoak izan behar diren bildu da, etxeko sarreran, egongelan, logelan, pasilloetan, komunean, sukaldean …, betiere eremu hauetan pertsonen orientazioa eta segurtasuna handitu ahal izateko. Era berean, pertsona bakoitzak nola komunikatu behar duen ere bereziki lantzen da, izan ere, komunikatzeko gaitasuna murriztu arren, emozionalki erantzuten jarraitzen baitute dementzia duten pertsonek, harik eta galera oso handia sufritzen duten arte. Dementziak aurrera egin ahala, baliteke pertsona batzuek gutxiago hitz egitea (euren komunikazio gaitasuna apaltzen dela ohartzen baitira), ulermen arazoak izatea, esan nahi duten huraxe esateko denbora luzeagoa behar izatea edo asmatutako berbak erabiltzea; nolanahi ere den, gure maitasuna, berotasuna eta umorea adierazten jarrai dezakegu, jakina, pertsona horiekin komunikatzen garenean.

Hori horrela izanik, atxikitzen den gida honen bitartez, dementzia duten pertsonentzat etxebizitzak lagunkoiagoak izateko neurri batzuk jaso ahalko dira; horrek, noski, berebiziko garrantzia dauka, zer esanik ez orain bizi dugun konfinamendu egoeran.

Dementziekin lagunkoiak diren etxebizitzak izateko gida (PDF 622KB)