Albisteak

 

Muskizen une honetan 80 urtetik gorako 500 pertsonatik gora daude auzotarren artean. Hori horrela, koronabisurak eragindako osasun alarma tarteko, kolektibo honekin telefonoz harremanetan jartzen ari da Udala, bai eta mugikortasun arazoak dituztenekin eta osasun arazoak dituztenekin ere, hurbiletik euren egoera eta beharren berri izateko eta udalerrian sortu den elkartasun sarearen bidez lagundu ahal izateko. Zentzu honetan nabarmendu behar da Udaleko Gizarte Zerbitzua lan handia egiten ari dela, betiere Babes Zibilarekin, Udaltzaingoarekin eta Nagusien Udal Zentroarekin elkarlanean.

Egoera honen aurrean, Txus Romon Gizarte Ekintzako zinegotziak nabarmendu duenez, “Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak eta arlo honekin lotutako gainerako udal zerbitzuak gorputz eta arima eta pasioz ari dira udalerrian lan egiten”, era berean, Gizarte Ekintzako zinegotzi muskiztarraren ahotan, “Osakidetzak gaixotasun honen aurrean babesten gaituen bezalaxe, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak dena ematen ari dira Muskizko bizilagun zaurgarriak zaintzeko”. Hori horrela, Txus Romonen arabera, “gainerako udal zerbitzuak egiten ari diren beharra ere goraipatu eta aitortu behar da, garbiketa zerbitzua, Babes Zibila eta herritarren segurtasuna itxura batean ikusten ez den lanetan ari dira, gu guztion ongizatea bermatzeko, eurek ere txaloa merezi dute”.

Orain dela aste bete pasatxotik, elkartasun sare hau lanean ari da, eguneroko erosketak egiteko, garbiketa produktuak eskuratzeko edo botikak jasotzeko sor litezkeen arazoak arintze aldera. Ildo honetatik, aipatu behar da Muskizko Babes Zibileko taldea ari dela produktu hauek jaso eta banatzen, lan aparta eginez; aurreko astean, kasurako, 16tik (astelehena) 21era (larunbata), orotara, 37 auzotarrei eskaini zitzaien zerbitzu hau. Zerbitzu honen premia duten pertsona guzti horiek edo elkartasun sare honen parte izan nahi dutenek 688.690.576 telefonora dei dezakete eta zenbaki horretan beharrezko informazio guztia jasoko dute.

Gogora ekarri behar da meatzaldeko Udal honetako Gizarte Zerbitzuak Saileko langileak eta Nagusien Udal Zentrokoak udalerriko pertsona nagusiekin eta zerbitzu hauetako erabiltzaileekin harremanetan jartzen ari direla, eurak eta euren familiak nola dauden jakiteko eta euren beharrei erantzuteko. Era beran, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuak ere bere erabiltzaile guztiei laguntzen dihardu, zehazki, erabiltzaile bat gehiago dago orain. Langile hauek guztiek beharrezko babes neurriak dituzte. Horretaz  gai, psikologo bat ere badago, zeina egunero harremanetan jartzen baita erabiltzaile zaurgarrienekin.

Elkartasuna

Muskizko Haur Eskolak erabili eta botatzeko eskularruz betetako 16 kutxako donazioa egin du  Osasun Zentrorako eta Udaltzaingoa arduratu da kudeaketaz. Somorrostro Irakasguneak, berriz, tailer desberdinetako maskarak, eskularruak eta buzoak eman ditu, Osakidetzara bidaltzeko. Horretaz gain, Udaltzaingoko bertako polizia baten elkartasuna ere aipatu behar da, izan ere, Borja Rodriguez polizia-agenteak beste pertsona batzuekin batera zipriztinetatik babesteko bisera batzuk egin ditu (osasun langileek baliozkotzat jotako modeloa).

Era berean, Muskizko Udalak udal ibilgailu bat utzi die Osasun Zentroko langileei osasun langileak auzotarrak bisitatzera joan daitezen, horrela, osasun langileak sintomak dituen herritar bat ikustera joan behar dutenean, osasun langileen ibilgailu propioak kutsatzea saihesteko. Pandemia honen hedatzea geldiarazteko beste neurri bat da, kasu honetan, osasun langileei eta euren familiako kideei begira (ibilgailua partekatzen badute), eta funtsean joan-etorri hauetan dagoen lan-segurtasuna handitzea du helburu.
 
Kaleetako kontrolak

Bukatzeko, adierazi behar da Muskizko Udaltzaingoa kaleak zaintzen ari dela, ibilgailuak kontrolatzen, elikagai saltokietako edukiera zaintzen … …, eta sail honetatik nabarmendu dutenez, “oro har, modu ordenatuan funtzionatzen du denak, nolanahi ere, herritarren batek abisu edo isunen bat jaso du aginduak ez betetzeagatik”.