Albisteak

 

Muskizen egin diren topaketetatik eta udalerriko lagunkoitasunari buruzko galdetegitik ondorioztatutako azken diagnostikoa aurkeztuko dute asteazken honetan Udaleko arduradunek, zehazki, Gizarte Ekintza arloko arduradunek, talde motorrarekin batera, Muskizko Kultur Etxeko M Aretoan, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Diagnostiko horren ondoren, bigarren fase honetan, ekintza plana egingo da.

Hemendik aurrera, orain arte 8 atal hauetan mahai gainera atera diren ideiak landuko dira: kanpoaldeko guneak eta eraikinak; garraio publikoa; etxebizitza; parte-hartzea eta gizarte-egitura; herritarren parte-hartzea eta enplegua; errespetua eta inklusio soziala; komunikazioa eta informazioa; gizarte zerbitzuak eta osasuna. Azterketa honetan Muskizko Udaleko eskumeneko gaiak zeintzuk diren ikusiko da, eta lehentasunezkoak diren horietan lan egingo da, Muskiz herri lagunkoiagoa bihurtzeko.

Diagnostiko honen ondoren, arlo desberdinetan, ondorio ugari aurkeztuko dira, besteak beste: auzo periferikoetako komunikazioa hobetzea, parkeetan hobekuntzak egitea, Kultura Sailak eskainitako jarduerak hobetzea, argiztatzea eta bide seinaleak hobetzea, zaharrei etxebizitza irisgarriak eskaintzeko plana diseinatzea eta boluntariotza sustatzea. Horretaz gain, beste gai hauek ere atera dira diagnostiko honetan: belaunaldi arteko martxak, bide heziketako kanpainak, aurreiritziak gainditzeko eta eskaintzen diren zerbitzuak zabaltzeko Eguneko Zentroko jardunaldiak, elkarteen gida eskaintzea eta udal instalazioetarako sarbidea hobetzea.

Komeni da gogoratzea programa hau 2019ko otsailean ipini zela abian, parte-hartze komunitarioko prozesuak sortu eta sustatzeko, ekimen lagunkoien sarea sortzeko eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko, betiere pertsona nagusiengan arreta berezia jarrita. Helburu horri begira, udalerriko elkarte askotako hainbat eragile, merkatari, Eguneko Zentroko langile eta Udaleko Gizarte Ekintzako arduradun lanean aritu dira, bai eta hainbat herritar ere norbanako gisa.

Kartela (PDF 862KB)