Albisteak

 

Otsailaren amaieran berriz ere irekiko du Itsaslur pasealekua Muskizko Udalak, inguru honetako ezpondak babesteko lanak bukatu eta gero. Eremu hau finkatzeko obrak bukatu ondoren, aurreko urtean izan ziren lur-jausien ondoren, berriro ere oinezkoek paseatzeko moduan dago Muskizko inguru honetako ibilbidea. Lan hauei aurre egin ahal izateko, orotara, 157.143,10 euro bideratu ditu Muskizko Udalak.

Ezegonkortzat har litezkeen ezpondak zati batean berritu dira, eta horretaz gain, ainguratutako kontrahormak eraiki dira, harkaitzezko, tuparrizko eta lurrezko materiala irristatu ez dadin. Funtsean, horiek izan dira aurrera ateratako lanak. Era berean, geruza bigun eta gogorren higadura dela eta hegal eginez azaleratutako kareharriak azpi-berritu dira, hondatuta zegoen guneetan hesi metaliko berria instalatu da, eta hesi metalikorik ez zegoen eremu horietan hesi metalikoa ipini da.

Corten altzairuz egindako hainbat sinbolo kokatzen direnean, dagoeneko eraikita dagoen horma bukatutzat emango da. Kobaron auzotik paretaren hasieraraino, Muskizko sinboloa jarriko da, eta Muskizko sinboloarekin batera, kargalekua eta ITSASLUR berba ipiniko dira, letra larriz eta zuriuneekin. Horretaz gain, Pobeñatik hurbilen dagoen murruaren zatian Donejakue bideko ikurra jarriko da.