Albisteak

 

2019. urtean Linea Verde aplikazioak izan duen funtzionamenduaren eta erabileraren balantzea eginda, bataz beste, auzotarrek jakinarazitako intzidentzien 90,5% konpondu ahal izan ditu Muskizko Udalak. Orotara, 495 intzidentzia jaso dira (448 konpondu dira; eta 47 oraindik ebatzi gabe daude). Zenbaki horiek argi erakusten dutenez, zerbitzu hau arrakastatsua da, esponentzialki igo da eta udalerriko bizilagunek jakinarazitako intzidentziei modu eraginkorrean erantzuten die Muskizko Udalak. Emaitza hauen ostean, herritarrak komunikazio bitarteko zuzen hau erabiltzen jarrai dezaten animatu nahi ditu Meatzaldeko Udal honek.

Jasotako intzidentzien bolumenari erreparatuta, 2019. urtean muskiztarrek jakinarazitako intzidentzia gehienak “Argiteria” atalekoak izan dira, zehazki, 79; “zaborrak” gaiarekin lotuta 60 intzidentzia bildu dira; “bide publikoak eta seinaleak” alorrarekin zerikusia duten 57 intzidentzia izan dira; “bide garbiketa” eta “lorategiak” ataletako bakoitzak, berriz, 47 intzidentzia bildu ditu. Bestelako gaiak ere ukitu dituzte 2019an batutako intzidentziek, besteak beste, ura, Asiako liztorren habiak kentzea, hiri altzariak eta Udal instalazioak. Ildo beretik, arestian aipatu bezala, auzotarren inplikazio zuzenari esker erantzun azkarrak eman ahal izan ditu Muskizko Udalak, eta jasota ez zeuden hainbat behar ere bildu ahal izan dira.

Zerbitzu hau erabili nahi dutenek Linea Verde izeneko APPa jaitsi behar dute. Horretarako, Google Play edo APP Store delakora sartu behar da, bakoitzak daukan Smartphone (Android/iOS) gailuaren arabera. Behin aurkituta, erabat dohain deskargatu ahal da. Une horretatik aurrera, ze herriri buruzko intzidentziak jakinarazi nahi dituen aukeratu behar dute erabiltzaileek. Prozedura oso azkarra eta erraza da.

Intzidentzia baten berri emateko, nahikoa da “Intzidentzia berria” botoia sakatzea. Ondoren, intzidentzia mota desberdinak biltzen dituen zabalgarri bat agertzen da. Erabiltzaileek ze gairi buruz informatu nahi duen aukeratu behar dute. Modu automatikoan, APPak dena delako akatsa ze koordenadatan dagoen detektatzen du. Hurrengo pausoa da intzidentziari buruzko argazki bat eta ohar bar txertatzea. Eta bukatzeko, bidali botoari sakatu besterik ez da egin behar. Behin bidalita, Udaleko langileek herritarrek aurkitu duten akats horren jakinarazpen bat jasoko dute, eta hortik aurrera, gabezia horri konponbidea emateko izapideak abian ipiniko dira. Era berean, jasotzen den intzidentzia baten egoera aldatzen den aldiro, intzidentzia hori bidali duen herritarrari jakinarazpen bat iritsiko zaio sakelakora.

Linea Verderen bitartez, ingurumenari lotutako edozein galdera ere plantea dezakete erabiltzaileek. Horretarako nahikoa da “Egin zure kontsulta” aukeratzea. Gehienez ere, 24 orduko tartean, erabat dohainik, gai horretan aditua den talde baten erantzuna jaso ahalko dute erabiltzaileek.

Bukatzeko, www.lineaverdemuskiz.org helbidearen bitartez ere Linea Verde zerbitzura sar daiteke. Intzidentzia baten berri emateaz gain edo galderak egiteaz gain, erabiltzaileek ingurumenarekin lotutako eduki zabala dute eskura (praktika onen gida, aholkuak, udalerriko bertako informazioa…); eta 902 193 768 telefonoaren bidez ere Linea Verdeko langileekin harremanetan jar daitezke erabiltzaileak, 09:00etatik 18.00etara (deiaren kostua 0,07 €/min).