Albisteak

 
Aurreko urtean, martxoan, baso sute bat sufritu zuen Muskizek, eta orotara udalerriko 110 hektarea inguru erre ziren. Hainbat mendi kaltetu ziren, besteak beste, Mello, non urtero egiten baita Mello Saria, ehunka kirol eta natura zale elkartzen dituen lasterketa eta martxa.

Hori horrela izanik, Muskizko Udalaren, Petronorren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, La Caixaren eta udalerriko hezkuntza zentroen laguntzarekin, 5,3 hektareako lursail bat birlandatzeko ekimena sustatu du Mello Saria antolatzen duen El Cerro de la Llosa Kirol eta Kultur Elkarteak.

Udalerriko hezkuntza zentroetako ikasleek izango dute lur eremu hau baso-berritzeko ardura, eta basozainen gidaritzapean, inguru honetan bertako espezieak landatuko dituzte, eta horretaz gain, suteak saihesteari buruzko eta inguru eta baso autoktonoen garrantziari buruzko ezagutzak eskuratu ahalko dituzte.