Albisteak

 

Iaz izandako parte-hartze maila arrakastatsuaren ostean, herritarrek 2020. urtean herriko festak girotuko dituen taldea aukeratzen parte hartzea nahi du berriro ere Muskizko Udalak. Muskizko Udaleko webgunearen bidez parte hartu ahalko da bozketa honetan, eta parte hartu ahal izateko 15 urtetik gora izan beharko dira eta udalerrian erroldatuta egon beharko da. Parte-hartzearen bitartez eta herri bozketa bat eginez, herriko jaietako kontzertua guztion artean aukeratu ahal izatea da Muskizko Udaleko ekintza honen asmoa.

Prozedura hurrengo ostegunean abiatuko da, abenduaren 19an. Egun horretan, www.muskiz.org webgunean esteka bat agertuko da, zeinaren bitartez kontzerturako balizko taldeen hasierako zerrenda batera sartu ahalko den. Data horretatik aurrera, hasierako zerrenda horretan agertzen ez diren beste talde batzuk proposatu ahalko dira, eta behin betiko zerrendan txertatu ahalko dira, betiere kontzerturako bideratutako aurrekontuan sartzen badira. Ekarpenak gaztebulegoa@muskiz.com helbide elektronikoaren bitartez egin ahalko dira. Fase hau urtarrilaren 2an bukatuko da, eta egun horretan behin betiko zerrenda argitaratuko da.

Urtarrilaren 8tik 12ra, lehenengo bozketa egingo da, eta horretarako, NAN, izena eta bi abizen adierazi beharko dira. Parte-hartzaile bakoitzak 4 talde hautatu beharko ditu zerrendan agertzen diren guztien artean. Bizilagunen batek Interneterako sarbiderik ez badauka, Gaztegunetik parte hartu ahalko du, bai eta laguntza jaso ere, behar izanez gero. Urtarrilaren 15ean, asteazkenean, boto gehien eskuratu duten 5 taldeen izenak zabalduko dira Udal Webgunean eta sare sozialetan.

Urtarrilaren 20tik 24ra, bigarren bozketa egingo da, eta bigarren bozketa honetan parte-hartzaile bakoitzak 1etik 5era puntuatu beharko ditu aukeratutako 5 talde horiek. Boto guztien artean puntu gehien eskuratzen duen taldea hautatuko da, eta dena delakoarengatik talde hori kontratatu ezingo balitz, boto gehien duen bigarren taldearen txanda izango litzateke, eta horrela, hurrenez hurren. Behin betiko aukeraketa urtarrilaren 28an argitaratuko da, Muskizko Udaleko webgunean eta sare sozialetan.

Kartela (PDF 143KB)