Albisteak

 

Adin guztietako muskiztarrek jarduera ludiko eta kultural ugariz gozatu ahalko dute abenduan eta urtarrilaren hasieran, batik bat, gabonetako daten barruan, izan ere, 3 eta 18 urte arteko haur eta nerabeentzako hainbat ekintza antolatu dira; horretaz gain, Barakaldoko BECeko Gabonetako Haur Parkera joateko txango bat ere eskainiko da. Ildo beretik, udalerriko helduei begira, Melloko igoera egingo da, eta Meatzari Aretoan hainbat musika ikuskizun, jarduera eta zine emanaldi ere eskainiko dira.

Aurten ere, Muskizko Udalak antolatzen duen Gabonetako Haur Parkea (PDF 209KB) izango da Donibane pilotalekuan, herriko haurren gozagarri, aurten, gainera, lau egunez egongo da (iaz baino bat gehiago). Udalerriko txikiek, beraz, musikaz, ludotekez, puzgarriez eta tailerretarako guneez gozatu ahalko dute, abenduaren 26tik (osteguna) abenduaren 29ra arte (igandea), biak barne, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:30era. Aurtengoan, gainera, begirale kopuru handiago eskainiko da, orotara, 11 lagun (horietatik 8 begirale udalerrian erroldatutakoak).

Oraingoan, Gabonetako Haur Parkearen barruan, jolaserako hiru gune izango dira. Lehenengo gunean, 3 urtera artekoentzat, ludoteka bat izango da, puzgarriz, bola igerilekuz, jolasez eta abarrez osatua, eta hortik aparte, Santa Fe trenaren erreplika bat jarriko da, miniaturan, zeinak 20 haurrentzako edukiera baitu. Bigarren esparruan, 4 urtetik 8 urtera artekoentzat, txirristak, puzgarriak eta egur jolasak eskainiko dira. Hirugarren txokoan, berriz, proba puzgarri bat jarriko da eta WI delakoez hornitutako bi telebista, jolas desberdinekin jolasteko. Hiru gune hauetaz gain, 8 tailer ere eskainiko dira (aurpegiak margotzea, txapak, mozorroak, argazki markoak…), zeinak egunero egingo baitira, goizez eta arratsaldez, eta agertoki bat ere jarriko da. Agertoki horretan, goizez karaokea eskainiko da; eta arratsaldez, photocall-a. Photocall-ari begira, animatutako hainbat pertsonaiak pilotalekua bisitatuko dute, haurrak eurekin argazkiak egin ditzaten. Gabonetako Haur Parkearekin bukatzeko, abenduaren 29an, txokolate jan erraldoia eskainiko da.

Bestalde, abenduaren 18an, asteazkenean, Cantarrana Eskolak Santo Tomas bezpera ospatuko du, arratsaldeko 17:00etatik aurrera; eta Muskizko Emakumeen Elkarteak ohiko urteroko Gabonetako gala, abenduaren 21ean, Meatzari Aretoan, arratsaldeko 18:00etatik aurrera.

Hipika eta kirol campus berriak

Berrikuntza modura, aurten, udalerriko haur eta gazteek kirolarekin lotutako campusak izatea nahi izan du Muskizko Udalak. Hori horrela, Centro Hípico Itsaslur delakoa eta udalerriko kirol campusa eskaini dira. Hipika campusa abenduaren 23an, 24an, 26an, 27an, 30ean eta 31n eta urtarrilaren 2an eta 3an izango da; goizeko 10:00etatik arratsaldeko 14:00etara. Hasiberrientzako saioak eta hobekuntzako saioak eskainiko dira, teoria, jolasak, tailerrak eta ginkanak. Bestalde, kirol campusaren ordutegia 10:00etatik 13:00etara artekoa izango da, eta hainbat jarduera eskainiko dira: padela, igerilekua, eskalada, jolasak eta abar, guztiak ere 8 eta 14 urte arteko haurrentzat.

Gaztegunea

Muskizko Gaztegunean, berriz, 12 eta 17 urte artekoentzako hainbat jarduera bideratuko dira. Besteak beste, errealitate birtualeko jarduera bat egingo da, bai eta tailer teknologikoak ere. Era berean, Diskofesta bat eta gabonekin lotutako eskulan tailer batzuk ere eskainiko dira. Aurten, Gazteguneko arduradunek Barakaldoko Gabonetako Haur Parkera joateko irteera bat ere antolatu dute, urtarrilaren 2an, ostegunean, 10:00etatik aurrera. Irteera horrek 5 euroko prezioa du eta interesa dutenek abenduaren 27aren aurretik eman beharko dute izena. Ildo beretik, nerabeentzako jarduerarik ere ez da faltako, eta, besteak beste, diskoteka bat ere izango dute, abenduaren 20an, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Meatzari plazan.

Ongietorriak

Ohiturei jarraiki eta etxeko txikien gozagarri, Olentzerok Muskizko kaleak zeharkatuko ditu abenduaren 24an. Kalejira arratsaldeko 17:00etan abiatuko da eta Meatzari plazan bukatuko da, non Olentzero eta Mari Domingi udalerriko haurrekin egongo diren, txikiek euren gutunak emateko.

Bestalde, urtarrilaren 5ean, Errege Desfilea egingo da, arratsaldeko 18:30etik aurrera, San Martineko BMtik abiatuta. Etxeko txikienen gutunak eta eskakizunak Pobeñan jasoko dituzte erregeek.

Musika eta kirol zaleentzako jarduerak

Muskizko Udaleko gabonetako egitarauan ere ez da musika zaleentzako jarduerarik faltako. Abenduaren 13an, Bilboko Koral Elkarteak kontzertua eskainiko du, 20:00etan, Meatzari Aretoan. Sarrerak 3 euroan eskuratu ahalko dira. Abenduaren 20an, berriz, Oihartzuna Abesbatzaren txanda izango da, 17:00etan, Marcelo Gangoiti zahar egoitzan; eta 19:30ean, Gospel kontzertua eskainiko da, Meatzari Aretoan, kasu honetan, 10 euroan salduko dira sarrerak. Abenduaren 14an, larunbatean, “Aleluya” ikuskizunaz gozatu ahalko da, Marta Casas taldearen eskutik.

Abenduaren 22an, haurrentzako euskarazko antzezlana eskainiko da: “Olentzerori…Zer gertatzen zaio?”, eguerdiko 12:00etan, 3 euroren truke. Musikarekin bukatzeko, abenduaren 30ean, astelehenean, Txistu eta Kantu kontzertu aktiboa egingo dute “Jarraitzen dugu” eta “Muskizko Txikiteroak” taldeek, udalerriko Eguneko Zentroan eta Marcelo Gangoiti zahar etxean. Hortik aparte, abenduan eta urtarrilean, zine emanaldiak eskainiko dira, ohi bezala.

Beste alde batetik, kirola maite dutenek kirola eginez agurtu ahalko dute urtea, izan ere, abenduaren 31n, XII. Melloko Herri Igoera egingo baita. Mendi irteera hau, Kultur Etxetik abiatuko da, goizeko 09:00etan, eta 12:00etan tontorretik jaistea aurreikusi da.

Gabonak Eguneko Zentroan

Bukatzeko, udalerriko nagusiek ere eurentzako jarduerez beteriko gabonak izango dituzte, eta eurak ere protagonista izango dira data hauetan. Talentu eta karaoke lehiaketa bat izango da; abenduaren 19an (osteguna), Jaiotza Bizidun bat antzeztuko dute; Olentzerok bisitatu egingo ditu, eta kanpaikadak ospatuko dituzte, urte amaierako gala eta kotiloi eta guzti.

Programa (PDF 492KB)