Albisteak

 

Tenis eta padel pista berriak inauguratu ditu Muskizko Udalak, proiektu hau 2017ko udal aurrekontuetan jaso zen, eta duela zortzi urtetik hona meatzaldeko udalerri honetan bizimodu osasungarria sustatze aldera azpiegituretan egindako beste lan bat gehiago da. Inaugurazioan Borja Liaño Muskizko alkateak adierazi duenez, “pertsonak dira gure lehentasuna. Horregatik, azken urte hauetan herriko bizilagunen ongizatea hobetzeko lanean aritu gara osasunean eta kirolean.”

Hiru padel pista eta hiru tenis pista hauetaz gain, aurretik aisialdiarekin lotutako beste proiektu batzuk bideratu dira, adibidez, kanpoaldeko igerileku berriak, zeinak 2019 amaieran edo 2020 hasieran bukatzea aurreikusi diren, uda sasoian erabil daitezen. Ildo beretik, bestelako lan batzuk ere dagoeneko bukatuta daude, esaterako, Udal Kiroldegiko hobekuntzak: spinning, gimnasio eta karate gela berriak; belar artifizialeko bi zelaien berritze osoa, futbola maite dutenen gozagarri; Malecon futbol zelaiko instalazioak berritzea, Pilotalekuko eraberritzea (aldagela berriak), Ikastolako kirol kantxako estalkia (mota bateko eta besteko klubek, udalerriko elkarteek eta eskola umeek eurek erabil dezaten) eta El Cerro kirol gunea eraberritzea.

Kirolaren aldeko ekintza gehiago ere egin da: hondartzako ibai pasealekua eta iaz inauguratutako El Pobaleko bidexka, bide naturaletatik 12 kilometro osatzen dituena, Kobaronetik El Pobalera, San Julian, Oiankas, San Juan, Santelices, herrigunea eta Nesilla zeharkatuz. Horretaz gain, bestelako kirol eta kultura jarduera batzuei ere atea ireki die pasealeku honek.

Estalitako tenis eta padel pista berriak kiroldegiko azpiegiturak handitzeko proiektuaren barruan daude, eta, funtsean, 10,89 x 23,72 m2-ko hiru tenis pista eta 10x20 m2-ko hiru padel pista eraiki dira; horretaz gain, 3.200 m2-ko estalki bat ere eraiki da, eta alboetatik hesitu da, egituraren alboetatik euri urik sar ez dadin.

Muskizko Otsoak Tenis Kirol Elkartea

Pistetako estalkia eta pistak berritzea urrats handia da kirol honen zaleentzat, izan ere, horrela, beharretara egokitutako instalazio batzuez gozatu ahalko dute herritarrek. Instalazio berri hauek Muskizko Otsoak Tenis Elkarteak erabiliko ditu, bai eta gainerako auzotarrek ere. Komeni da gogoraraztea klub honek 20 urtetik gora daramatzala lanean eta 40 ikasle inguru dituela, Muskizkoak bakarrik ez, baita inguruko herrietakoak ere, adibidez, Gallartakoak, Zierbenakoak, Sopuertakoak edo Galdameskoak.

Ismael Macarron presidente eta aldi berean begiralearen ahotan, instalazio berriak edukitzeak “gorabeherarik gabe tenis eskolako lan programa aurrera atera ahal izatea dakar, eta horrela, ikasleek ez dute egun bakar bat ere galdu beharko eguraldi txarrarengatik”. Era berean, Ismael Macarronek adierazi zuenez, berrikuntza hauei esker “txapelketak aurrez ezarritako epean bukatu ahalko dira, meteorologiak eragindako atzerapenik gabe”. Klubak bi txapelketa garrantzitsu antolatzen ditu urtean; Iñaki Lambarri Goñi Memoriala, martxoan; eta Muskizko San Juan Txapelketa, ekainean.

Padela euro 1ean abenduan

Padel pistak sustatzeko, abenduan, euro 1en prezio txikian gozatu ahalko da gune honetaz. Bestela esanda, kiroldegiko bazkideek euro 1en truke erabili ahalko dituzte pistak (4 jokalari izanez gero, 0,25 euro jokalari bakoitzeko), eta bazkideak ez direnek ere euro 1 ordaindu beharko dute, baina, horretaz gain, udal instalaziorako sarrera ere ordaindu beharko dute.