Albisteak

 

Muskizko Udaleko Kultura Sailak Umore Denboraldia antolatu du, azaroaren 16rako, 23rako eta 30erako (larunbatak). Meatzari Aretora hurbiltzen diren bizilagunei eta bisitariei irribarrea ateratzen ahaleginduko dira “Tres días con el grajo”, “Mandíbula afilada” eta “El enjambre” antzezlanak.

Ikuskizun hauetaz gozatzeko sarrera indibidualen prezioa 7 eta 18 euro artekoa da, eta arratsaldeko 19:30ean eskainiko dira hiru emanaldiak. Aurreko denboraldietan bezalaxe, Muskizko Udalak 32 euroko bonuak ipini ditu ikus-entzuleen eskura, hiru saioetara sartzeko, eta abonua ateratzen dutenek The Upper taldearen gospel kontzertura ere sartu ahalko dira, azaroaren 20an (ostirala).

Azaroaren 16an, larunbatean, 19:30ean, “Tres días con el grajo” antzezlanaren txanda izango da, José Luís nazioarteko piano-jotzaile entzutetsuaren kontakizuna, José Luisek berak kontatzen duena, tarteka, kontzertuan zehar. 23an, larunbatean, Jon Plazaola eta Noemí Ruíz igoko dira oholtzara, “Mandíbula afilada” lanarekin, tarte atsegina igarotzeko proposamen paregabea, egoki eraikitako errealitatearen eta nahiaren arteko jolas bati buruzko proposamena.

Bukatzeko, hileko azken larunbatean “El Enjambre” obra eskainiko da Muskizko Meatzari Aretoan. Antzezlan honetan, Euskal Herriko emakume aktore batzuek komedia bat aurkezten digute, zeinean lagunak diren 6 emakume landetxe batean elkartzen baitira, ezkon-agur bat ospatzeko.

Egitaraua (PDF 800KB)